Eskuak poltsikoan sartu zituen, liburuaren bizkarrari so, aurkikuntzaz disfrutatuz. “Umetan irakurri nuen lehenbiziko nobela” esan zuen, baina ez zioten entzun, ia ahapeka hitz egin baitzuen, eta gainera Perejilen hilketari buruzko eztabaidaren gorenean zeuden. Azkenean, eskuartean hartu zuen. Paper hezearen usain berezia, kolore zahartua, marroi bihurtuz zihoan beis argi higatua zipriztintzen zuten tita txikiak bezala, dena zetorren bat, zehaztasun arraroz, oroimenaren zokoren batean gordea zuenarekin, eskuartean zuena umetako liburu berbera bailitzan. Urduri pasatzen zituen orriak, bila zebilen pasartea ez zela existitzen, imajinaturikoa zela egiaztatzeko beldurrez. Ez zuen luzaroan bilatu beharrik izan, ordea, norbaitek irakurketa maiztuen poderioz orriak ohitu bailituen, otzanki eskaini baitzitzaion aspaldidanik buruz zekien adierazpena.
“San Sebastián es, durante el invierno, un maravilloso cuadro patinado por una lluvia fina que cae con monotonía soñolienta y adorable”.
Lehenbiziko aldiz irakurri zueneko zirraraz oroitu zen. Esker on moduko sentimendu bat, egileari zor zaiona, gurea ere baden baina zehazki adierazten ez dakigun zerbait, nostalgiaren ukitua duenean batez ere, literarioki adieraztea lortzen duenean.
Orri haietan lortu zuen irail hasierako Donostian —hondartzak hutsik geratzen ziren, eta Rezolako baporeak porlana kargatzen hasten ziren berriro ere belaontziz gabeturiko portuan—, udatiarrak urritu eta egun euritsuak ugaritu ahala, Abenidan zer eginik ez zegoenean jada, norbaitek eguraldi txarra gaitzesten bazuen, berak gris labainduaren edo irristatuaren misterioa, intimitatea edo malenkonia gozoa bezalako hitzak erabiliz erantzuteko gaitasuna.
No hay comentarios:
Publicar un comentario