2011-03-29

284. pasartea

Egun batean ate ondoan zegoen, Juliak atzeman zezakeelako urduri, eta entzun baino lehen, haren epeltasuna sentitu zuen ondoan. “Nor da?” galdetu zion begiratu gabe, eta hark “nor nahi duzu izatea?”, eta besagainean jarri zion eskua, hatz txikiaren eta nagiaren artean zigarroa zuela. “Erre egingo nauzu” esan zion berak, eta Juliak, “sua bainaiz”, bere saihetsera itsatsiz, vamp bat imitatzeko soslai jarri eta, zigarroa eskuan, buru gainetik altxatuz.
Iñaki Abaituak ordulariari begiratu zion urduri, eta “joan egin behar dut, berandu da” esan zuen. “Ze pena” erantzun zion Juliak, besterik ez.
Oraingoan ez zaio inguratu, ordea. Ionek deitu egiten dio. Erretratuaren aurrean dago eta Julia entzuten du, inoiz ez bezala haserre, isil daitezen eskatuz. “Asperturik naukazue zuen errietarekin” esaten die, “beti eztabaidan”. Eta Ion deika, ea Iñaki non dabilen.
Azkenean salara itzuli zen. “Erru taktikoa edo estrategikoa, baina niretzat tipo hori, hilda hobe”. Hori zioen Arantxak. “Bere fatxa bibotearekin. Baietz”. Eta Iñaki Abaituari begiratu zion. “Baietz”. Titietaraino zegoela haren begirada jasan beharraz trenetik jaisten zen bakoitzean. Baina Anek ez zuen etsitzen. Poliziak hiltzeak ez zeraman inora, tresna hutsa besterik ez baitziren. Gehiago ekarriko zituzten. Bibote berdinekoak. Hala esan ohi zuen Abelek.
Julia lurrean zegoen gehienetan bezala, eta Iñaki Abaitua bere gainetik pasatu zen liburutegira hurbiltzeko. Mila aldiz egona zen apal haien aurrean eta inoiz ez zion erreparatu liburu-bizkar arrosa koloregabetu hari, zeinetan urre koloreko letra ingelesez inprimatuta Altas esferas Mercedes Alonso ageri baitzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario