2011-03-29

283. pasartea

Garai hartan Vallés taberna dagoen kalearen izena Isabel La Católica zela jakinarazi nahi zion, esan zuen Ionek duintasunez, baina gero Reyes Católicos jarri ziotela. Besterik ez.
Vallések ia kantoi egiten du Larramendi kalearekin. Bi sartu omen ziren, eta tiro mordoa bota zioten. Arantxak ezagutzen zuen lekukoa lasterka irten omen zen aztoraturik, basoa eskuan zuela, eta halaxe iritsi omen zen etxera, ardo tantarik isuri gabe. Prim kaleko bosgarren solairu batera.
Hori ere auzitan jarri zuten. Anek ez zuen sinesten. Desadostasun sakonagoen eztabaidari ekiteko bidea zen hura. Hain zuzen, bide hartatik ez zihoazela inora. Ekintza haiekin herri ekintzak galarazi baino ez ziren egiten.
Abel besaulkian bailegoen ezartzen zuen besoa Anek, bizkarraldean, hark esango zukeena esatean. Eskuineko hatz erakusleaz ezkerreko hatz txikia hartuz, “primo” esan ohi zuen bere arrazoiak zenbatzerakoan.
Iñaki Abaitua komunerako altxatu zen. Juliaren gela aurretik pasatzean, ezin izan zion sartzeko gogoari eutsi. Gustuko zuen han egotea, beste garai batetik berreskuraturiko zaharkinei so, intimitate bero eta sekretu batez kutsatuak ziruditelako. Portzelanazko plater zabala, kolore guztietako kandelaz josita, argizaria gainezka; enkajez jantzitako pierrot baldresa; ordulari biribilaren gainean bira bat minutuko ematen zuen letoizko dantzarina. Gustuko zuen Juliaren perfumea, Klararen ume kolonia freskoarekin nahasian. Eta oheburuko erretratuak erakartzen zuen batez ere, ezpainetan itzal bat zen irribarre ilun eta tristeak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario