Agertu zenean, gainerakoak bildurik zeuden. Han esan zioten Perejil hil zutela. “Badakizu?” esan zion Arantxak, “geltokiko polizia hil dute”. Eta nola gertatu zen kontatu zuen. Ez zen kontatzen zuen lehen aldia, itxuraz. Ikaragarri gustatzen zitzaizkion kontakizun haiek, eta bertan suertatu bailitzan jarduten zuen, beti gertatzen baitzitzaion lekukoren bat ezagutzea.
Reyes Católicos-eko taberna batean izan zen, edo Isabel La Católica-n. Anerekin eztabaidatu zuen puntu hori, hark bizitza osoan kale hura Isabel La Católica izenaz ezagutu zuelako. Eta Ion ere iritzi berekoa zen. Ba omen zuen arrazoirik kale haren izena jakiteko, Vallés taberna ondoko akademia batera joana baitzen umetan ingelesa ikastera. Vallés tabernan hil zutela gogoratu zitzaion orduan Arantxari, eta berak ezagutzen zuen lekukoa Perejilen ondo-ondoan omen zegoen, eskuan basoerdia zuela.
Baina Ion nostalgiaren bidetik abiatua zen, eta Vallés ondoan ikaztegi bat zegoela gogoratu nahi izan zuen, eta ikaztegiaren aurrean asto bat egon ohi zela gurdi txiki bati lotuta, eta berak, beste askok bezala, ingeleseko notak ematen omen zizkion jaten. Asto triste hura akademiako ikasleen suspentsoez elikatzen zela neurri handi batean. Kontatzen jarraituko zuen, baldin eta Arantxak, haserre bizian gertakizunak kontatzen uzten ez ziolako, agure txotxolo bat ematen zuela esan ez balio, beti bere ipuin txotxoloak kontakizun.
No hay comentarios:
Publicar un comentario