Bizpahiru segundo itxaron zuen giltza sarrailan sartuta, atea bultzatzen ausartu gabe. Epe labur hartan, polizia izan zitekeela ere pasatu zitzaion burutik, eta puntuan egon zen giltza utzi eta, hotsik atera gabe, isil-isilik, hanka egiteko. Azkenean, ordea, pentsatuz norbait barnean izatekotan aspalditik behar zuela ohartua, bultzatu egin zuen. Haize lasterra sortu zen, eta bortizki itxi zuen gelako leihoa. Sarreran geratu zen. Handik komodako azkeneko kaxoia, azpiko jantzientzat erabiltzen zuena, zabalik zegoela ikusten zuen. Gainerakoak itxita zeuden, ordea. Hortik erabaki zuen Ortiz de Zarate ibili zela han, ez polizia. Sartu egin zen. Gelan, ohea nahastuta zegoen, eta lurrean egunkari orri sakabanatuak. Datak begiratu zituen. Bi eta hiru egun lehenagokoak ziren. Bainugelan lurra eta hormak lurrunez estalita zeuden, ordea; gehienez ere ordubete lehenago norbaitek erabilia zuen seinale. Sukaldea, berriz, ukitu gabe zegoen, ogi zati lehortuak eta atun lata hutsak besterik ez, berak erosi ohi zituen markakoak. Ortiz de Zaratek ez zuen sekula kuzinatzen.
Lehenbiziko gauza, Susanari deitzea bururatu zitzaion, bietako bat agertzeak bestearen berri ekarriko ziolakoan, baina orduan ere ahots hegoamerikarra atera zitzaion, “los señores no están en casa” esanez.
Ortiz de Zarateren zabor arrastoak jaso ondoren, fitxak lardaskatzen ibili zen. Teseu-ren frogak zuzendu zituen eta, azkenean, Juliarenean agertzea erabaki zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario