2011-03-29

277. pasartea

Inoiz gehiago erabiliko ez duen zapi zuria ere jakaren patrikan sartzen du, goikoan hiru punta erakusteko moduan bildu ondoren, eta badoa, ‘ale, goazen’ esaten diotenean, edozer gauza begiztatzean azken aldiz dakusala pentsatzeak eragiten dion angustia menderatuz”.
Juliak isilik iraun du. Losada gorpu ageri den argazkiaren kopia du eskuetan eta, nazkatuta baino gehiago aspertuta dagoela adierazten duen keinuaz, lurrera erortzen uzten du.
—Ahaztu egin beharko zenuke hau guztia.
—Eta gizajoak zerbait oihukatu beharko lukeela pentsatzen du. Gora Euskadi, Gora Euskadi askatuta, beharbada.
—Pasatu da. Orain, ahaztu ezazu.
Atzetik besarkatu eta eskuak bular aurretik gurutzatu dizkiolarik mintzo zaio. Masaila sorbaldaren kontra. Maitasun adierazpena txantxa giroan disimulatu nahian, aztora ez dadin. “Zein ederra zaren, eta nola maite zaitudan”.
Iñaki Abaituak irribarre tristea eskaintzen dio burua jiratzean.
—Le rest peu importe —eta eskuak deskorapilatzen dizkio haren besoetatik libratzeko. Zakarregia iruditu zaio egin duen keinua eta, horregatik beharbada, besoak zin­tzilik dituela geratu da.
—A, croupier zahar baten duintasuna da zurea.
Bekokia, une batez, Abaituaren bizkarrean ezarri ondoren, berriro txantxa giroa berreskuratzeko asmoz, “rien ne va plus” esaten du, eta frantsesez baita ere, “inporta al zaizu gabardina kentzen badut?”.
—Zeure etxean zaude.
Bi aukera zituzten: hitz egin, eta horrek esan nahi zuen batak bestearen gorputza naufrago batek ohola bezala bilatzera behartzen zituen arrazoiak azaldu, edo isilik iraun. Zentzurik gabeko hitzak gurutzatuz, hitz egiteko planta egiten zuten, frantsesez tarteka, deus ez esateko borondatea hobeto azaltzearren —paroles sans suite—.

No hay comentarios:

Publicar un comentario