2011-03-29

276. pasartea

“Gizon bat hiltzeko behar izaten diren paperak”. Besoa luzatzen du, lurrean sakabanaturikoen artean edozein eskuratzeko. “Ez da deus falta: jaiotza agiriak, Certificado de inscripción de nacimiento; heriotzakoak, Certificado en extracto de inscripción de defunción; balistikako informeak, abokatuen hoteletako fakturak...”, gero eta azkarrago mintzo delarik, eta dokumentu bat aipatzen duen bakoitzean, airean altxatzen du, eta airean askatzen, beste bat eskuratzeko.
“Denetik dago hemen”, jarraitzen du, jardunak bat-batean animatu egin bailuen, “Ante S Sª y de mí el Secretario compareció el expresado al margen quien enterado de la obligación que tiene de decir verdad, interrogatorioen agiriak, Frantziako iraultzaren aipamenak”. Isildu egiten da, une labur batez, Juliari papera erakusteko. “Ez diot gezurrik” jarraitzen du gero, “que al derecho de mi representado interesa hacer constar los siguientes extremos. Primero, que el catorce de Julio de 1789 el pueblo de París asaltó la Bastilla para liberar a los presos y hacerse con las armas”.
Berriro ere besaulkian eserita, eskuak belaunburuetan zintzilik. “Horrekin guztiarekin goiz batean gizon bati, ‘ale, goazen’ esaten zaio, ‘ordua da’, fabrikara joan behar balu bezala. Gizonak traje urdina jantzi du, dotoreena, duen bakarra ziur asko, eta oinetako beltz berriak, zorrotzak, eta, oharkabean, tabakoa eta metxeroa sartzen ditu, galtzen patriketan lehenbizi, jakaren barnealdekoan gero, gogora etorriko baitzaio nola amak patrikak puztuta eramateak arlote egiten zuela esaten zion. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario