2011-03-29

273. pasartea

Ezkerrekoa arreta bereziz aztertu izan du, sentimendu bikoitza eragiten diolako, goragalea eta erakarmen morbosoa, biak batera. Erretratu baten kopia da hori ere, baldosa zuri edo argien kontra datzan gorpu baten buru-bularrei dagokiena. Higuingarria egiten zaio betazal handituen tartetik ageri duen begi globoaren zuria, baita ezpain handituen keinua ere, ebakortzak erakusten dituela. Eta kokots azpitik behera ageri duen jostura, zaku baten ertzak bezain zarpatsu egina.
Baina batez ere, xehetasun ia ohartezinen artean, ilearen distirak adierazten duen busti itxura da higuingarria, ur odoleztatu eta likitsaren bustia salatzen duen heinean, eta aurpegiko orbain ilunek arrain batena bezain azal hotz eta umela gogorarazten diotelako. Era berean, ordea, laket du aurpegi gris horren zokoetan sufrimenduaren aztarna bilatzea, gupidarik gabe, mendeku egarri zahar bat asea lukeenaren hoztasunez.
Juliak ere erdi itxita dauzka begiak, zorabioaren zurrunbiloan jausteko zorian, galdua begirada. Beheko ezpaina hozkatzen du, plazerra lortzeko irrikan kontzentratuta, mekanismo ezkutu baten pieza iheskorren egokiera bilatuko bailuen, eta, eginahal horretan, bere mugimenduak laburragoak dira, zehatzagoak, auhen eta suspirioen intentsitate aldakorraz lagunduak.
Ez da ohartzen Iñaki Abaituaz. Erabat desinhibituta, bere gorputzaz beste ezertaz arduratu gabe, bularrak ferekatzen ditu atzeraka erortzen hasia zaion gabardinaren irekiduratik, aurpegi alboratuaren bila altxatzen duen besaburuaren kontra masaila igurtziz, burua poliki jiraka, zulo hondogabe baterantz irristatzen ari bailitzan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario