2011-03-29

274. pasartea

Bere kasa uzten dio, besaulkian etzanda urrunetik bezala dakusan eszenan lekuko hutsa izatea onartuz. Esku bat altxatu baino ez du egingo, Losada kaboa soslaiz agertzen den paperari eusten diona, Juliak eskuturretik helduz agintzen dion norabidean. Une horretan, “orain, orain” esaten entzuten dionean premiatsu, beste norbaitena dirudien ahots larriz, erabat argi ohartzen da zeri dagokion ordura arte zehaztu ezin izan duen xehetasuna.
Eskua papera uzteko zabaltzera doanean, konturatzen da zeri dagokion Losadaren atzetik, Juliari erortzen zaion adatsa bezala, besaburu gainean zeharka ageri den errektangelu beltza.
Orain begi-bistakoa iruditzen zaio mangera baten muturra dela, autopsian odola garbitzeko erabilitakoarena, eta horregatik ote zen, pentsatzen du, mangeraren presentziagatik, ileko zuri-beltzen jolasagatik baino, gorpuari bustia iriztea.
Baldosetan irristatu den odol urtuaren irudia aldendu nahian, Juliaren bularretan ezkutatzen du burua, eta hark besoetan onartzen du, samurtasunez ferekatzen, hitz gozoak xuxurlatzen dizkiola. Bi eskuez masailetatik hartzen du gero, eta deskontsolamendu neurrigabez begiratzen diote elkarri. Isilik diraute horrela, trabagarri zaien zarataren iturria atzeman nahian. Azpian hartutako paperez libratzeari ekiten diote; ez luzaroan, ordea, hitzik gabe erabaki bat jakinarazten baitiote elkarri, eta mugitzen hasten dira, besarkaturik; poliki lehenbizi, paperei kexarik ez ateratzeko kontu izanez; gero eta azkarrago, gero eta bortitzago, paperen hots obszenoaz arduratu gabe. Desesperatuki egiten dute larrutan, bata bestearengandik askatu nahi eta ezin bailuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario