Beharbada sumarioaren gainean lokartua zen Julia etxean agertu zitzaion hartan. Nolanahi ere, aspaldidanik ate-joka ari zirelako sentsazioa izan zuen. Horregatik, lehenbailehen zabaltzeko asmoz arin altxatu zenean, airean bota zuen, eta bi mila orri baino gehiago hedatu ziren sala osoan zehar. Lau hankan, lapurreta baten harrapakina bailitzan, armairuan edozein modutan gordetzeko ahalik eta gehienak biltzen saiatu bazen ere, ateaz bestaldetik paper hotsak nabarmenegia gertatu behar zuelakoan, orri guztiak jasotzen amaitu gabe zabaldu zuen.
“Bistan da pozten zarela ni ikusita, mutikote” esan zuen Juliak diosal gisa, eta Iñaki Abaituaren begirada adieragabearen aurrean —argi zegoen ez zuela Mae Westen pasadizoa ezagutzen—, atea gurutzatu gabe, egoera salbatu nahian, historiaren azalpen luzeegi batean nahastu zen, hori egitean ilearen erroetaraino gorrituz, kontatzen zuenaren ausarkeriagatik baino, modu zehatz eta egokian kontatzeko gai sentitzen ez zelako.
Iñaki Abaituari hunkigarria gertatu zitzaion haren espresio lotsatia “ba niri oso historia fina iruditzen zait” esatean, baina gerora dena aldez aurretik prestaturikoa zela pentsatuko zuen. Vamp batena imitatzeko ahotsa sakonduz eta berari hankatartea seinalatuz “bistan da pozten zarela ni ikusita, mutikote” esan zionean, bromaren atzean bere egiazko asmoa ezkutatzen zuela, alegia.
Askotan berritu zuen eszena hura bere baitan. Zapata takoi-orrazdunak balitu bezala mugituz hurbiltzen zitzaion. Bi eskuak besaburuetan jartzen zizkion gero, eta berak gorputza besaulki gainera erortzen uzten zuen, bizkar atzetik paper zimurtuak kentzeko ahaleginak egiten zituela, eta ez zion eragozten gabardinarekin arreta handiz estaltzen zituen izterrak zabaldu eta zangalatrau jartzerik. Bere kasa utzi zion, ez pentsatzen ahaleginduz.
No hay comentarios:
Publicar un comentario