2011-03-29

270. pasartea

Azken aldikoetan, judizioaren garaian egin zituenetan, izena deituraren goialdean idatzia ageri da, biek tarte berdina betez, eta errubrika —hasierako elipsea zirkunferentzia bilakatu da—, izen-deiturek osatzen duten laukia inguratu ondoren, linea ondulatu batean luzatzen da, bi marratxo paraleloz ebakia.
Heriotza-bezperan exekuzioaren oharpena jasotzeko egin zuena ere era horretakoa da. Idazkerak ez du urduritasunik salatzen, izen-abizenak inoiz ez bezain erdiratuak ageri dira errubrikaren zirkuluan, eta, lehen aldiz, bi marratxo paraleloak falta dira.
Sinadura horrek —sumarioan ageri den adierazpenik pertsonalena, bakarra ere bai agian—, liluraturik eduki zuen. Iñaki Abaituak hatz bat pasatzen zion marra gainetik, taxuketa berreginez, noizbait, 26tik 27rako gauean, Daniel Zabalegiren esku itxuraz irmoak errubrikaren zirkunferentzia perfektua burutu zuen istant ikaragarri hartan hark zer senti zezakeen atzeman nahian. “Eskaintzen dioten luma hartzean, hareazkoak sentitzen ditu hatzak”.
Geroago, kopiatzeari ere ekin zion, eta ohitura horren ondorioz zehaztasun harrigarriz imitatzen ikasiko zuen, bere paperen artean aurkitu ziren sinaduraz beteriko orriek egiaztatzen dutenez. Lehenbizi, esku ertzaz papera hauts pinportaz garbitzeko mugimendua, pare bat aldiz; gero, airean, paperetik bost edo hamar zentimetrora, zirriborro moduko bat, lurreratzeko puntu jakin baten bila lebilkeen euli batek bezala; eta azkenean etenik gabe letra guztiak, deitura beherago, honen lehenbiziko letra izenaren azkenekoarekin lotuz, eta biak biribil perfektu batez inguratuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario