Batez ere sinadura ageri den dokumentuan ematen zuen denbora, haren idazkeraren taxueran trajediaren aztarnaren bat aurkitzeko asmoz.
Sinadura argia izan zuen beti. Lehenbizikoetan esku irmo eta seguru baten naretasuna ageri duen arren, idazkerak, bide batez, idazteko ohitura ezagatik arreta edo ardura handiegia salatzen du; batik bat letrak elkarrekin ez lotzeak, eskola-umeen kopia lanetan bezala, hitzak unitate eskuragaitzak bailiran.
Errubrika elipse perfektua da eta, Danielen D barrokoaren goiko partea izan ezik, osoki inguratzen ditu izen-abizenak. Ardatz bertikal imajinarioaren behealdean bi marra labur paralelok gurutzatzen dute. Ondorengoetan, kartzela barruko tramite paperetan edo epailearen aurrean eginiko deklarazioen oinean ageri direnetan, bestelako erraztasun bat nabari da, lehen ez zituen arintasuna eta segurtasuna, tornuaren gurpilera ohiturik zegoen eskua erabilera finagoetara egokitu baitzaio. Zilegi da pentsatzea ordu galduetan entseiatu egin duela, mekanika zehatz bat menderatu arte; eta kartzelako monotonia hausteko aukera ematen diotenez, tramiteak betetzearen alaitasuna adierazten bide dute.
Hitza ere errazago dario ziur asko, deklaratzeko beste ezer ba al duen galderari baietz erantzutean: Solanatarrek armak atzeman zituztenean, berak behartu zituela mehatxupean isiltzera. Eta luma irristatu egiten da, letrak elkarrekin lotuz, paperik abandonatu gabe i-en puntuak bilatzerakoan, eta bidea marra fin baina nabarmen batez seinalaturik geratzen da. Idazkera konplikatu eta dotoretzeaz gainera, izena eta deitura lerro banatan agertzen hasten dira, taxu estetiko berri baten bila, eta “Daniel”en ele-a gero eta gehiago luzatzen da, beherago deituraren lehenbiziko letra osatzeko. Ortografia euskaldunak, berriz, lehenbizikoetan agertzen zen u gaztelarra ezabatu du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario