2011-03-29

268. pasartea

Lehortzeko eskaintza egin zionean, Iñaki Abaituak ezetz erantzun zion, bi pausotan etxean zegoela, eta eskailburuan jada, “oso ederra kontatu didazuna” esan zion, “oso ederra, Vanzettirena bezain ederra”. Bandrések ez zion ulertu. “Bartolomeo Vanzetti, Nick Sacco-ren adiskidea. Sacco eta Vanzetti”. Orduan ulertu zuen. Haien abokatuak ere ezin izan zituen biak defenditu, sumario berean zeudelako. Ez zen mesedegarria Vanzettirentzat sumario berean sartzea, Saccori pistola bat aurkitu baitzioten. Star bat, Eibarren egina hura ere. Baina Vanzettik abokatuari “salba ezazu Nick, berak emaztea eta seme-alabak ditu” esan zion. Eta pasadizo hori entzuteak emozionatu egin zuen. Horregatik, ziur asko, ohituraz kontra, sumarioa eskaini zion, baina ordurako bazuela erantzun zion Iñaki Abaituak. “Gainera, Daniel Zabalegi ia ez da ageri ere egiten sumarioan. Bere heriotzan ere ez zen protagonista izan”. Gero, esku bat jarri zion besaburuan. “Beharbada, bere abokatua izaten jarraitu bazenu ez zen berdin gertatuko”. Eta Bandrések ezetz erantzun zion, berdin-berdin gertatuko zela. “Baina ez zuten bera bakarrik hilko”, eta Iñaki Abaituak oinez jaitsi zituen eskailera estuak, igogailuari itxaron gabe.
Askoz lehenago egina zen sumarioaren jabe, eskuratu zuenean zertarako ez zekien arren. Oso argi ez behinik behin. Noizbehinka, eskuetan erabiltzen zuen, asmo zehatzik gabe, ez behintzat orri haien kontakizuna interesgarria egiten zitzaiolako —berez, objektiboki, ez dute inongo interesik— nolabait, Daniel Zabalegirena zuen objektu bakarra zelako baizik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario