2011-03-31

140. pasartea

Buru gainetik altxatu zituen “¡Alto a la Guardia Civil!” entzundakoan; gero, berriz jaitsi zituen, oso poliki, ahots andaluz batek agindu bezala. Bi fokuren argia jaso zuen aurpegian. Karneta emateko! “¿No le parece?”. Baietz erantzun zuen tentelki, irri eginez, esku bat bekokian bisera gisa, “un poco lejos de su casa para ir a pie, ¿no le parece?” galdetu ziotenean, eta esplika zezakeela esaterakoan ere, ezpainak luzatzen saiatu zen, minbera sentitzen zituen arren, irribarrea mantentzen ahaleginduz. “Ya nos lo explicará en la comandancia, ¿verdad usted?”.
Así le ahorramos el taxi —erantsi zuen metraileta laburraren kanoiaz land roverra seinalatzen zionak.
Atzera begiratu zuen, gauza bera adierazteko, “andando padentro” oihukatuz, armaren kanoia omoplatoen artean, laugarren orno zoritxarrekoan —amaren ustez umetako istripu batean alboraturikoan— kokatu zionaren aurpegia ikusi nahian. Ezina gertatu zitzaion, harkaitzetako bidetik azaldu berria zen autoaren fokuek kontrargitan hartu baitzuten.
Salbaturik sentitu zen Susana linternaren argipera irteten ikusi zuenean. Esku bat bekokian jarria zuen bisera gisa hark ere.
Gracias por habérmelo encontrado, agentes —esan zien, eta berarengana hurbildu zen, “qué tonto eres, pero qué tonto eres”, beso artean gordetzeko. Iñaki Abaituak alboko goardia zibilari begiratu zion, ikaraz, baina hark, kanoia jaitsiz, “buenas noches, señorita” esan zuen.
Susanak ez zion erantzun, ordea, graduaziorik gorenekoa bilatu zuen begiez, eta azkenean, bi hatzak trikornioaren ertzera eramanez, “muy buenas noches, señora” atsegin batez agurtu zuenari hitz egin zion.

141. pasartea

Soy la hija del general Costa, de las casas del acantilado.
Mucho gusto, señora, sargento Gregorio Márquez, de la 227 comandancia —berriro ere bi hatzez trikornioaren ertza ukitzen zuela—. Se trataba de una comprobación rutinaria... comprenderá usted, con domicilio en San Sebastián y andando por el acantilado a estas horas... —erabat nahasturik ageri zen, eta kostata lotzen zituen hi­tzak, esaten zuen bakoitza azkena izatea desiratuko bailuen.
Aunque es vasco, no es mala persona —eta eskutik helduz, goardia zibilen artetik atera zuen.
Pues nada, perdone las molestias —esan zion sarjentuak, hitz egiten zuen bakoitzean bezala bi hatzez trikornioaren ertza ukituz. Bere “buenas noches” beroa, Susanaren “venga, vámonos” zakarrarekin gurutzatu zen.
Motorra martxan zegoen, eta irratia ere bai. Atzeraka egin zuen biratzeko maniobra, eta fokuek harkaitz gaineko pinuak argitu zituzten.
Ordulari japoniarraren alarmak partearen sintoniarekin bat egin zuen zehazki. “Señales horarias”. Pare bat ordukoa izan zen abentura.
“Detención de un comando de ETA por fuerzas de la guardia civil”, zioen lokutorearen ahots harroak. “Informa desde San Sebastián, Ismael González Pellicer”.
Susanak, beti bezala, bolante gainean makurturik gidatzen zuen. Gehiago makurtu zen irratia itzaltzeko.
Por hoy ya va bien de detenciones, no te parece?
Ez zion erantzun eta ez zion itzaltzerik eragotzi. Eserlekuan etzan zen, eta leihatilara alboratu zuen burua, itsaso barearen azal zilarreztatuaren bila. “Seguru han euria ari duela” esan zuen berekiko.

142. pasartea

ZIGOR les dice que la operación que van a llevar a cabo es fácil de hacer porque LOSADA viaja siempre solo y además tiene un individuo que siempre le está vigilando. ZIGOR les lleva en un Simca modelo mil de color marrón conducido por un legal hasta A y los pone en relación con un individuo de unos cuarenta o cincuenta años que cree es de Urrestilla y está encargado de vigilar los trayectos que realiza el cabo de la Guardia Civil LOSADA. Aquél es un individuo al que conocieron por el sobrenombre de CARA QUEMADA POR TENER UNA MANCHA marrón en la mejilla..
…Les abrió un individuo de unos treinta o treinta y cinco años a quien CARA QUEMADA dijo: YA ESTAN AQUI LOS AMIGOS. Este individuo abrió la puerta que se encuentra frente a la suya y que sirvió a TREPA y al que declara de alojamiento mientras duró la acción. Las comidas las hacían en el bar. Para los gastos de la acción llevaban cincuenta mil pesetas que les habia dado EZQUERRA. En la casa en que pernoctaron sólo había dos camas estando el resto de la misma carente de muebles.
Losada kaboaren argazkia egunkari guztietan.
Guztietan argazki bera: uniformez jantzia, kokotsa gora, harroa izan nahi lukeen zeinuz beharbada, harriduraz edo espantuz bezala irekitzen diren begi nabarmenek lepo estutuegiaren eragina adieraz badezakete ere. 

143. pasartea

“Cabo de la Guardia Civil muerto en atentado” titularraren azpian, gertakizunen kronika laburra zen: autoz, egunero bezala, eta galtzadaren berritze lanak beharturik, oso poliki, eskolako bidean bere alabaren bila zihoalarik, zerbait galdetzeko seinale egin zion bikote gazte baten aginduz geratu zenean, haien tiro gurutzatuen ondorioz hil zen hantxe bertan. Bikoteak moto batean egin zuen ihes, ordu hartan, arratsaldeko seiak, ugariak ziren lekukoen aurrean.
Egunkariek ez zioten bigarren saioan izan zenik. Bezperan ere, Daniel Zabalegiren oharbidez, ordu berean itxaron baitzioten, baina aukeraturiko lekuan abiada handiegia zeramanez, ezin izan zituzten armak ekintza burutzeko gutxienezko bermez atera.
Sumarioaren arabera, lehen saioaren ondoren, ordu erdi geroago, Daniel Zabalegirekin elkartu zirenean, haserre azaldu omen zen. Hamaika Pauso-ren bertsioan, berriz, bera sentitzen da hutsegitearen errudun, eta horrek sinesgarriago dirudi. Nolanahi ere, bi iturrien arabera, hurrengo egunerako utzi zuten ekintza, hamarren bat metro beherago, Iberduerokoen zanga batek bidea alderik alde zeharkatzen zuen parean, leku aproposagoa aukeratu ondoren.
Egunkariek ez zuten azaldu orduan, sumarioak hori ere jasotzen duen arren, nola biharamunean, arratsaldeko seietan, Goiz-Argi soziedadeko erdi itzalean itxaron zuen —hango leihotik zaintzen baitzituen Losadaren joan-etorriak—, bikotearen tiroak noiz entzungo zain, eztarrian korapiloa zuela ziur asko. Eta azkenean tiroak entzun ziren, eta klaxonaren kexa ozen izugarriak urratu zuen airea; sekula etengo ez zela zirudien auhen desesperatu bat. Eta lekuko izan ziren haur eta emakumeen garrasi ikaratuak gero.
“Cerca del lugar de los hechos se encontraban varias mujeres con niños que, asustados, comenzaron a dar gritos”. 

144. pasartea

Baina inork ez zuen gogoan Daniel Zabalegi urduri zegoenik. Arratsean Goiz-Argitik pasatu ziren gehienek zuten gogoan heldu zirenerako bera jadanik han zegoela. Baina eguneroko kontua zen hura. Nolanahi ere, ez ziren asko bildu. Alde batetik, asteartea zelako, eta batez ere, goardia zibilak amorru bizian zebiltzalako tabernak itxiarazten, Losadaren heriotza norbaitek bere biziaz ordaindu beharko zuela esaka.
Bildu zirenek gogoan zuten, halaber, nola momenturen batean zelebratu beharra zegoela esan zuen, eta Errezilek, bizkarretik helduz, “ahal den azkarren gainera, txanpaina gal ez dadin” erantzun zion sukaldeko bidean. Ohiko eztabaida ganoragabea sortu zen gero, txanpainak hozkailuan iraun beharko lukeen epe egokienari buruz, eta orduan norbaitek, adar-joka, zera esan zuen, ea abisatu egiten zieten berei ekintza bat prestatzerakoan, txanpaina hotzetan garaiz jarri ahal zezaten. Txantxetan, baina guztiak geratu ziren Daniel Zabalegiri so.
Erretzeko paperean bilduriko fariasa labain itzularazi zuen ezpain biribilduetan. “Hoiek ez ditek behatzik mugitzen nere baimenik pe” esan zuen, berea, lodia eta tornuaren koipez belztua, erakusten zielarik. Barre-algaraz hasi ziren denak, eta Betroitzakoak esan ere esan zuen:
—Ez haiz ba heu jefea izango.
Orduantxe sartu zen Solana. Ez zuen eskaini zioten koparik hartu nahi izan, eta norbaitek aurpegi txarra zuela esan zion. Eta hala zen, bi gau baitzeramatzan lo egin gabe. Gutxienez. Hilabete igaroa zen Daniel Zabalegik, egun batzuk pasatzera zetozkion lagun batzuk —Getariako arrantzaleak, esan zuenez— berearen ondoan libre zuen etxean hartzeko eskatu zionetik.

145. pasartea

Bidezko eta normala iruditu zitzaion hasiera batean, Daniel Zabalegi marearen bat egina zelako Getariako itsasontziren batean, hain zuzen, kresalak psoriasiaren antzekoa zen azaleko gaitz hari ez ziola onik egiten konturatu zen arte, eta azkenean, gertakizunak baino hiru egun lehenago tabernan agertu zirenean, “hemen zeudek lagunak” esan zion, izenik aipatu gabe, eta berak, taberna leporaino zegoenez, ez zuen astirik izan aurpegira begiratzeko ere. Iluntzerako, ordea, burua berotua zion andreak, eta ez arrazoirik gabe, zeren, afaritan ikusi ahal izan zuenez, mutil haiek ez baitzuten Getariako euskararik egiten; arrantzale trazarik ere ez zuten, eta okerrena, ez zen ulertzekoa zer egin zezaketen oporretan Loiola inguruko zulo hartan, Benidormera joan ordez.
Arazo hartaz ez arduratzea erabaki zuen Solanak, eta emazteari gauza bera gomendatu bazion ere, hark, bigarren egunean, bikotea irten bezain pronto gela txukuntzeko asmoz sartu zenean, ezin eutsi izan zion ohe azpian gorderiko poltsa zuri-gorri-urdina usnatzeko gogoari —poltsa zuria zen berez, urdinak hirukia eta bertan hesituriko oilarra, eta Le coq sportif zeraman gorriz idatzia, poliziaren agirietan azaltzen denez, lekuko guztiek gorde baitzuten poltsa hura gogoan— eta, lehenbiziko gauza, haren pisuak larritu zuen; jasotzerakoan atera zuen metal hots modukoak arnasa eten zion gero; eta azkenean, bere edukia bistaurrean azaldu zitzaionean, zorabiatzeko puntuan sentitu zen.

146. pasartea

Beraz, senarra Danielitorekin hitz egitera bidali zuen, horrela esaten baitzioten Daniel Zabalegiri, mesedez jende hura gainetik kentzeko eskatzera, eta Solanak, tailerrean, emaztearen aurkikuntza eta kezka ulergarrien berri eman ondoren —”badakik emakumeak nola jartzen diren” eta gisa horretako arrazoiak emanez ziur asko— hark arrapostu, ez zutela kezkatu beharrik, ez baitzituzten harrapatuko, eta harrapatuko balituzte ere, militante batek nahiago izaten duela hil, babestu duena salatu baino. Gainera, okerrena gertaturik ere, beroriek ez zuten zertaz arduratu, argi baitzegoen zer esan behar zuten, eta oso poliki hitz egin zion, hitz bakoitza zehazki gogoan hartzea nahi izan balu bezala: berak, Daniel Zabalegik behartu zituela bi haiek etxean hartzera, berei edo sendiko beste norbaiti zerbait gerta zekiekeelako mehatxupean.
FRANCISCO SOLANA ARAMENDI nacido en A (Guipúzcoa) el 4 de Marzo de 1941 hijo de Francisco y Candelaria casado con Milagros JACA CORTA vecino de la villa con domicilio en el G/ Juan XXIII número 25-1º.
El informado reside en la localidad desde su nacimiento hasta el día de la fecha ha venido observando buena conducta moral careciendo de antecedentes delictivos de caracter común.
Políticamente es de ideología nacionalista vasco-separatista desafecto a los principios del movimiento nacional y clasificado de peligroso político. 

147. pasartea

Con fecha 8 de noviembre de 1974 fue detenido en unión de su amigo DANIEL ZABALEGUI (a) cara quemada por miembros de esta Comandancia por hallarse implicado en el asesinato del Cabo de la Guardia Civil Gregorio Losada ya que a ruego del citado ZABALEGUI cedió a este un piso de su propiedad al haberle manifestado en aquellas fechas que en días próximos recibiría la visita de unos amigos pescadores que venían a pasar unos días al pueblo —se trata de los militantes de ETA Vª Asamblea JAVIER GARMENDIA APAOLAZA Y JOSE Mª APALATEGUI ALBERDI— que se presentaron el día 31 de marzo de 1974 alojándose en el citado piso colindante al del citado matrimonio que en fechas posteriores sospechó de las actividades de los citados pescadores si bien al manifestar sus temores a ZABALEGUI este les amenazó de muerte si trataban de contar algo.

Horixe esan zuten Solanatarrek, eta Daniel Zabalegik ere hori bera esan zuen aukera eman zitzaion guztietan, “Preguntado el acusado si tiene algo más que declarar” epigrafearen azpian, inkestaren harira ez datorrenean ere, berak baietz esaten du, berak engainatu zituela Solanatarrak bi haiek etxean har zitzaten, eta familiakoren bat hilko zielako mehatxupean behartu zituela ahoa isilik edukitzera.

148. pasartea

Solanak, beraz, soziedadean sartu zenean —Betroitzakoa “ez haiz ba heu izango hoien jefea” esaten ari zela— bazekien dena, eta Daniel Zabalegik ere bazekien dena zekiela. Bere lagun haiek, hain zuzen, Losada akabatu baino ordu erdi lehenago irten zirela esatera zetorkion. Poltsa zuri-gorri-urdina euskarri banatatik helduta zeramatela. Zuria, eta beste bat, txikiagoa, urdin iluna, eta trenka berdeak. Dena jaso zuten, beraz, “hura” baino ez zuten utzi, eta Gauloises disque bleu pakete zimurtu bat erakutsi zion. Tabako frantsesa, esan zuen Daniel Zabalegik, Gauloises-ak usainduz, eta gero, ez kezkatzeko berriro. Bera arduratuko zela.
Sukalde atzean gordeak ziren hitz egiteko, gainerakoek entzun ez zezaten, eta Betroitzakoak “ez haiz ba heu izango jefea”, adar-joka hurbildu zitzaienean, bi txalo joz “bueno, bukatu da hemengo festa” esan zuen.
Iñaki Abaituak La Vanguardia erosi zuen bizartegi batean sartu aurretik. Bizarginen aulkietan babesteko ohitura zuen depresioaren moko hotza kokotera hurbiltzen zitzaionean. “Sanson eta Dalila”, esango zukeen J.J. Lasak: zikiratze desira inkontzientea.
Ordurako hasia zen gerora bizartegietan ohitura gisa sustraitu den bezeroen izen-abizenak hartzeko joera, eta bereak galdetu zizkiotenean, benetako nortasuna ezkutatu zuen.
Ez zen lehen aldia. Gogaikarri zitzaion abizenari ematen zioten azentuazioa. Baina Abaitúaren fonetika arrotzaren inposaketa bera bezain nardagarri zitzaion zuzenketa egitea, azenturik gabe esan eta idatz ziezaioten eskatzea alegia, petralkeria ez ezik, izenarekiko atxikimendu handiegia adieraztea zela iruditzen zitzaiolako. Ignacio Martín zela esanez atera zen atakatik, abizen neutro bat aukeratuz, edozein lekutakoa izan zitekeena, eta euskalduna ere bai, beraz.

149. pasartea

“Ignacio Martín” esan zuen, Iñaki jatorrizkoa ere ezkutatuz, eta hartara, nortasun paperen aginduz ohituago zegoelarik ere, ezin izan zuen saihestu Simon Kefas eta oilarraren hirugarren kantuaz oroitzea.
Euskalduntasuna ukatzen zuela onartu behar izan zuen, beraz, baina aulkian eseri ondoren, egunkaria zabaldu zuenean —berriro ere Losadaren begirada zitala “Cabo de la Guardia Civil muerto en atentado” titular zabalaren azpian—, ongi hartua iruditu zitzaion “euskalduna, beraz?” ezinbestekoaren ondoren jasan beharko zituzkeen galdera ohikoak saihesteko erabaki pragmatikoa.
Bizargina ez zen hiztuna, ordea, eta eragozpenik gabe atxiki zitzaion argazkiaren kontenplazioari, haren erakarpen morbosoa neurri batean kezkagarria gertatzen zitzaion arren. Sentimendu bikoitz eta kontraesankorra zen; haragitik mina ematen digun zerbait kentzen digutenean, kendutako hori sendagilearen eskuetan odolduta ikustea bide batez higuingarri eta atsedengarri izaten den bezala.
Hori pentsatu zuen, eta horretan zegoela, ez zuen astirik izan bizarginak igurzten zion lozioa —freskagarria baino gehiago, likina— errefusatzeko, eta gero ez zen ausartu ez jarraitzeko agindua ematen. Gainera, bere gogoa haurtzaroko eremuren batera joana zitzaion, non gizonezkoek usain hura bera izaten zuten, tabakoaren mingostasunaren kontra lehian. Acqua Velva zen, gogoratu zuen, igandeko mezan haien aurpegi grisak distiratsu egiten zituen lozioa.
Oroitzapenetan babestua, pena zuen bizarginak “el señor está servido” esango zionean altxatu beharko zuelako, eta eskuak egin ziezazkioten aginduz egonaldia luzatzeko aukera ere neurtu zuen, uste osorik gabe, ordea, bai baitzekien ez zuela halakorik egingo. 

150. pasartea

Beraz, bizarginak, pentsatu bezala, “el señor está servido” esan zionean, gogaiturik sentitu zen, zegoenean jarraitzeko gogoz, talkoaren umetako ñabardura inozente eta sekretuaren memoria falta ez zuten usain aitatiar haien babesean.
Azkenean, bizarginak prezioa jakinarazi zionean, altxatu beharra izan zuen. Egunkaria apal gainean utzi zuen, kolorea beren forma bezain biribila izan arren —kobalto-urdina, goroldio-berdea, arrosa beroa— eduki likido erabat duda-mudazkoa zuten flasko mutur zilarrezkodunen ondoan, patrika guztiak non gordeta zeukan ez zekien diruaren bila miatu ahal izateko. Bizarginak lepoa luzatu zuen Losadaren argazkira hurbiltzeko, eta gero, aurreko ispilutik so, “vaya, han matado a otro” esan zuen, sentimendu garbirik adierazi gabe, baina bezeroaren arrotz izaeraz mesfidati, ziur asko. “Bai, bat gehiago” erantzun zion, bat gutxiago erantzun ziezaiokeen bezala, eta berriro ere lehenagoko kezka bera sentitu zuen goardia zibilaren heriotzak poza ematen ziolako. Nolanahi ere, haren aurpegi beltzak izaera zital eta gaiztoa adierazten zuela erabaki zuen.
“Qué cosas” esan zuen bizarginak, eta bizkarra eskuilatzen hasi zitzaion erabateko arretaz, gauza auhengarri haiek Iñaki Abaituaren gorputzean itsatsirik zeudela irudituko bailitzaion, ezabatzeko asmoz bezala. Eta eskuila astinduz ateraino jarraitu zion, azkenean Iñaki Abaituak besotik heldu zion arte, hain zuzen ere “no sé a dónde nos lleva todo esto” esaten zion unean, eta elkarri so geratu ziren baten hitza bestearen keinuari balegokio bezala.

151. pasartea

No sé a dónde nos puede llevar esto —errepikatu zuen Iñaki Abaituak pentsakor, erantzuna aurkitzen saiatzen zela erakutsi nahian. Bistakoa zen bizarginak giro konfidentzial baten bila lagundu ziola atarira, eta hala egiaztatu zuen, “¿y qué se dice por allí?” galdetu baitzion irribarretsu, hortz handi eta horitu batzuk erakutsiz, “porque usted es vasco, ¿no es cierto?” esaterakoan.
Iñaki Abaituak baietz erantzun zion buruaz, baina ez zuen hitzik erantsi. Disimulaezina gertatzen zitzaion gizonaren irribarre horiztatua koroatzen zuen bibote finak eragiten zion mesfidantza sentimendua, eta barnerantz begiratu zuen haren begiradaren ihesi, koloreetako flaskoen artean abandonaturiko egunkariaren bila. Gero, ezkerrerantz aldatu zuen bista, dozena erdiren bat pausora zegoen kale kantoirantz ihesi, eta bide batez gizon haren aurrean mesfidati agertzeaz nahigabeturik. Adeitsua zen, eta irribarrea zabaldu egin zitzaion “pues nada, que tenga usted buen día, y ya sabe dónde nos tiene” atseginez esaterakoan.
Iñaki Abaituak eskerrak eman zizkion, eta hamaika pauso zehatz kontatu zituen kale kantoiraino. Kantoiaren bueltan zinema bat zegoen, etengabeko emanaldia iragar­tzen zuena. Ez zuen jakingo esaten zerk eraman zuen atean hurrengo emanaldiaren zain zegoen taldearekin batzera. Iragan hobea izandako aretoa zirudien, hormak, dudarik gabe, arkakusoen babesleku zen belus granate, gastatu eta belztuaz tapizatuak zituena. Atari aurretik, hiritarrak presaturik pasatzen ziren, karterak eskuetan, beren eginkizunetara bidean, eta pentsatu zuen bera ere alprojatzat hartuko zutela, inguratzen zutenak bezala —zaharrak gehienak, eta zabar itxurakoak—, noraezean edo ezkutatu nahian zebilkeen gaizkiletzat agian. 

152. pasartea

Mesfidantzaz begiratu zioten aurreko saioa amaitu zain zeudenek, eta txartel saltzailearen tratua ere ez zen atsegina izan, jakina denez biziotsu batentzat ez baita begirakune gaitzesleagorik beste biziotsu batena baino, biziotik bizi den enplegatuarena izan ezik.
Beraz, aurreko saioa amaitzear zegoela ohartarazi zuten arren, begirada haiei ihes egitearren erabaki zuen gehiago itxaron gabe sartzea, eta filma atzekoz aurrera ikustea ez zitzaiolako axola ere bai. Zehatzago esan, filma bera zen deus axola ez zitzaiona, bai baitzekien, kanpoko iragarkiaren arabera, zentsura onartzen hasia zen produktu sasipornografikoren bat emango zutela. Hala eta guztiz ere, belusezko errezel granateak aldendu zituen, arkakuso armada batek erasotzen ziola sentituz, eta eserleku bakarti bat bilatu zuen iluntasunean, gainerakoek egina zuten bezala, denak baitzeuden areto osoan sakabanatuta, albokoaren kutsaduraz libratu nahian edo.
Pantailan hiru gizon ageri ziren: gazte bat, urdinez jantzia, eta hura beren artean zeramaten bi polizia heldu. Gazteak bendaz estaliak zituen begiak, eta oihu egiten zuen burua alboratuz eta zertxobait altxatuz, itsuek soinuren bat atzemateko egin ohi duten bezala. “Ed, entzuten al didazu?”. “Ed, hor al zaude? George, Fred, non daude nire lagunak? Hemen behar zuten”, zioen. Adreilu gorri eta estuz inguraturiko patio batean zeuden, eta aulki batean eseri zuten gaztea adreiluzko hormaren kontra, errezel beltzen artetik ageri ziren fusilen kanoien aurrean. 

153. pasartea

Iñaki Abaituak begiak itxi zituen, irudien kalitatearen arabera filmak hasieratik ikustea merezi zuela pentsatuz, beharbada, eta itxi bezain laster gogora etorri zitzaion zein zen minutu batzuk lehenago sarreran berreskuratu ezin zuen irudia. Film baten iragarkiari zegokion, non adreiluzko horma batean kill hitza ageri baitzen gorriz, odolez idatzita bezala, tantak irristaka, eta bikote bat hormaren kontra lehen planoan. Sarreran begiratu gabe ikusi zuenari zegokion, eta erabateko zehaztasunez gogoratu zuen Olympia izeneko zinematokiko horman, Ortiz de Zarate zihoan aldeko leihatilatik, ikusi zuena. Emakumea soineko beltzez jantzita azaltzen zen, azpiko gona hutsez, ziur asko, lepoko zauri batetik odola bular artera zeriola, eta haren atzean sortaldear itxurako gizon batek, esmokinez jantzita, labana odoldua zeukan airean jasota.
Daniel Zabalegi zekusan erretrobisorean, modu baldarrean korrika, airean zerbait erakusten zuela hura ere, eta gelditu egin zuen autoa zer nahi ote zuen jakiteko. Gogoan du haren esku zapala, ahurreko zimurrak koipe beltzez tindatuak, eta ustez Ortiz de Zaratek nonbait ahazturiko metxeroa. Pozik zirudien aurkikuntzaz, “gauza hauek balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira batzuetan” esatean, eta irribarre egin zuen. Ortiz de Zarate autotik irten bazen ere, oso ongi entzun zien hitz egin zutena, leihatilatik zekusan kartelari so, “Cine Olympia hoy” iragarkiaren azpian, eta gogoan du, zergatik jakin gabe, Robbe Grillet-en Project pour une révolution à New York ekarri ziotela gogora bikote hark eta adreiluzko horma odolduak.

154. pasartea

Fusilatzera zihoazen gizon gazteari, adreiluzko hormaren kontra eserita, paperezko diana bat jarri zioten paparrean, eta irudi horri alderdiaren egoitzan etekinik handiena nola lortu eztabaidatzen zuten alderdikideenak kontrajartzen zitzaizkion, baina Iñaki Abaituak ez zituen ikusten, begiak itxita jarraitzen baitzuen Daniel Zabalegiren irudia zehaztu nahian, leihatila aurrean makurtu zenean: “Gauza hauek balio dutenagatik baino gehiago estimatzen dira” esatean. Eta irribarre egin zuen, irribarre tristea, ardo kolorez estaliriko masailean mina hartuko bailuen. Ez zekien zein aldetan zuen angioma higuingarri hura, zehaztu nahi izan zuenerako aldendurik baitzen leihatilatik, baina gogoan du Ortiz de Zaratek, berriz ere martxan jarri zirenean, “babo horrek matrikula gogoan hartzen ez badu behintzat”, esan zuela.
Hatz izoztu baten ukitua sentitzen du bizkarrezurrean zehar, pentsatuz bere matrikula gogoan gordea zukeen gizon hura izan zitekeela egunkarian Losada kaboaren hilketan “bertako laguntzaile derrigorrezko” aipatzen zutena, eta Ortiz de Zarate —artean Belarte berarentzat— tiroka aritu zirenetako bat, edo komandoburua agian. Eta jadanik haien bila zebilkeela polizia, eta beraren bila ere bai. Hipotentsioaren eraginez zorabioaren zurrunbiloan erortzen sentitzen delarik, begiak zabaltzen ditu, konortea galtzeko beldur, hain zuzen ere gizon gaztea, txori baten hegada entzun duelarik, “txori bat, txori bat” oihuka hasten denean, burua astinduz eta besagainen laguntzaz benda beltza kentzeko ahaleginean. 

155. pasartea

Lortzen duenerako txoria desagertua da, ordea, eta bere begiek ez dute errezel tarteetatik ageri diren kanoien begirada iluna baino aurkitzen, eta elkarri so irauten dute kanoiek eta biktimak, isiltasun sakonenean, amaigabea dirudien istant batez, gazteak berak “fuego” aginduz hausten duen arte. Eta, astindu labur baten ondoren bular gainera erortzen zaio burua, paperezko diana zulatuan hiltzaileen punteria egiaztatu nahi bailuen. Berriz ere heriotzari dagokion isiltasuna. Isiltasun sakon horretan, gorpuaren lehen planoa; medikua bihotz hila auskultatzen ari zaion bitartean, plano luzea, paisaia berde bete batekin fundituz doana; eta zeru urdinean gaininprimaturik, askatasunaren haizeak eraman eta mendi-ibarretan zehar hedatuko diren errautsez mintzo den testamentu politikoa ageri da.
Hitzek pantailan diraute argiak piztu ondoren ere, heriotzaren ikuspen materialista idealizatu inozoenaren eredu. Hori esan ohi zuen errautsei buruzko poetikaren azalpenen bat egiten bazioten. Eta adarra jotzeko egiten zizkioten sarritan.
Beste askotan bezala, errietan amaitu zuten egun hartan ere. Beste askotan bezala, ordukoan ere esaldi ikaragarri haiek bota zituen latinez bere ahots lodi eta sakonaz. Esaterako, San Pablok korintoarrei hitz egingo liekeen bezala, besoak zabalduz, “non datza, oi herio, zure eztena; non, oi herio, zure garaipena”; azkenerako, hura ez zitzaien dibertigarri gertatzen eta, horregatik, barrezka hasten ziren norbaitek ergelkeriaren bat erantzuten zionean. Egun hartan, Arantxak, “oi ez, hautsi ditu angustiaren urak” esan zuen, “libra gaitzazu gaitzetik amen”, gurutze santua eginez. Antzeko gauzak. 

156. pasartea

Eta bera haserre bizian irten zen, ohi zuenez, ume zital bat bezala, eta Julia atzetik, ohi zuen bezala hura ere, gainerakoek joaten uzteko esaten zioten arren.
Atalaurrean hurbildu zitzaion. “Nolakoa zaren, azken batean heriotzaren ikaragarria kulturaren eragina dela esan dutelako. Begira”, kokotsa hartzen dio zerurantz begiratzera behartuz, “ez al zaitu kontsolatzen hor, oreka kosmiko horretan, zerbait izango garela pentsatzeak?”.
Irribarre egiten du, garaile; ezpainak mugitu gabe, itzal bat ateraz, egiten dakien irribarrea, “izar hautsa baikara” esaterakoan. Eta aurkikuntza zail bat egina lukeenaren poza adierazten du bere onespenaren zain begiratzen dionean.
Zeruan ez dago izarrik. Jaizkibel gailurrak urratzen duen laino behea badia aldera erortzen da, zeru iluna lerro grisez orraztuz. Iñaki Abaituak ez du ironiaren baliabidea erabiltzeko umorerik, ordea, eta burua makurtuz “salda berde, ustel eta nazkagarria gara” dio.
Beso bat luzatzen zuen bestearen eskuaz atximurkatuz “hau salda berde nazkagarria bihurtuko da” esaterakoan. “Ezaguera hori da ikaragarria” esan ohi zuen besoa luzatuz, eta erabat haserrearazteko, aski zuten bere zuku berdeak udaberriko lorerik ederrenak elikatuko zituela ihardestea.
Juliak bazekien, eta ez zuen haserrearazi nahi izan. Esku bat ezarri zion bekokian, sukarra hartzeko moduan, eta erortzen utzi zuen gero.
—Zurea ez da hiltzeko ikara, bizitzekoa baizik.
Hatzak ezpainetara eraman zituen esandakoaz damu balitz bezala, eta Iñaki Abaituaren begi atsekabetuen erantzun isila baino ez zuen jaso.

157. pasartea

Etxe aurrean zeuden, hosto mamitsuak eta enbor noblea zituen magnoliaren babespean. Arbola batzuek aitonaren oroitzapena dakartela esan zuen behin; sarritan, ahaztutako poema zatien aztarnak etortzen zitzaizkion gogora Iñaki Abaituari, eta ezinezkoa gertatzen zitzaion beren testuingurutik kanpo zentzugabeak bilakatzen ziren hitz galduak esan gabe gordetzea. Juliak, ordea, harrigarria bazirudien ere, pentsamendu bera izan zuela erantzun zion, eta gero, hatz txikiaz berea hartzen ziola, aho korapilo moduko bat esan zuen, eskua indarrez astinduz, eta azkenean beren bihotzen bat egite miresgarriaren ondorioz beteko zen desira bat adierazteko eskatu zion. Umekeria haietakoren baten ondoren, ohiko seriotasun ilunean babesten zen, desgogoan, pozik egoteak energia gehiegi eskatuko balio bezala. Magnolia grandiflora haren hazia Estatu Batuetako hegoaldetik ekarri eta landatu omen zuen Juliaren aitonak. Horregatik esan zion aitonaren oroitzapena zekarkiola. Baina zergatik pentsatu zuen berak ere arbola batzuek aitonaren oroitzapena dakartela? Ez zekien, Rilkeren poema batetik jasotako ideia zen, beharbada. Ez zekien zergatik. Rilkeren “Jauna, emaiozu gizon bakoitzari bere heriotza” zetorkion gogora, baina ez zuen pentsamendurik aditzera eman. Besterik gabe, ez zekien, sendotasunagatik agian, edo iraganaren lekuko zirelako. Baina Juliak ez zion jadanik entzuten. Magnoliaren azala ferekatzen zuen oharkabean, gogoa pentsamendu urrunen batean galdua.
Isilik iraun zuten luzaroan, naturaren oreka misteriotsua hausteko beldurrez. Itsasoaren murmur bigunari kilker hotsaren kontrapuntu metalezkoak erantzuten zion. “Metalezkoak diruditenean” esan zuen Juliak, hain zuzen

158. pasartea

“Behin, udaberrian, hostoak distiraren poderioz metalezkoak diruditenean, aitonak, magnolia seinalatuz, ‘datorren udaberrian loratuko direnak ez ditut ikusiko’, esan zuen, eta negu hartan hil zen, zuhaitza orain bezala okrez jantzita zegoenean”.
Besoak zabalduz, airean eduki zituen une batez, tulezko oihal imajinario bat haizeari eskainiko bailion, eta bularrean gurutzatu zituen gero, ezereza besarkatuz bezala. Isilik iraun zuten, elkarri so, pentsamendu beraren jabe zirela jakingo bailuten, heriotza Naturaren zikloen harian atzemateak sarritan sortu ohi duen baretasun sentsazioak ukiturik.
—Ulertzen al duzu orain?
Iñaki Abaituak ez zion erantzun. Zerurantz begiratu zuen hasperenka, haren iluntasunaren zamak nahigabetuta bezala. Baina segidan, irribarretsu, sudur aurretik euli bat izutzeko egiten zuen keinu harekin, “heriotza niretzat zure irribarre eztia imajinatu ezina izango da” esan zuen gaia desbideratuz, eta, sarritan bezala, txantxetan zebilela azpimarratzeko, esaldia adierazpen frantses batez burutu zuen: “et voilà, zure irribarre eztia imajinatu ezina, et voilà”, eta barrez hasi ziren biak, barre-algaraz, mehatxu ilun baten mezua urrundu nahian.
Aitortu ez arren, bazuen, ordea, heriotza natur zikloen armonian atzemateak sarritan sortu ohi duen baretasun sentsazioaren berri. Halakoetan heriotza ez zen ikaragarria, eta posible zitzaion haren ezinbestekotasuna onartzea, uda ondoren udazkena, eta gero negua datorrela onartzen den bezala.
Sentsazio iheskorra zen, ordea, udako betetasunari loturikoa, fruitu helduen urrinak giroan hedatzen duen eskaintza morbidoa.

159. pasartea

Hosto jausi bat jaso zuen lurretik —”ez genuke udazkeneko orbela miretsiko udaberriaren ziurtasunik ez bagenu”—, okrea zen alde batetik eta berdea bestetik. Alkandoraren besoaz garbitu zuen, arretaz. Mamitsua zen, labaina. Bere bizitzaren azken egunean, zeinu hori bera errepikatuko zuen, orri bat lurretik hartu eta, jakaren besoaz garbitu ondoren, barne-sakelan gordetzea.
Bere azken egunak ziren jada. Badiaz bestaldetik, Kasinoko terrazatik gehienetan, magnoliaren hosto okre eta berdeak bereiz zitzakeela uste zuen, eta bereiz zitzakeen agian. Artean hiztegiaren fitxak erabiltzen zituen, hitz bakanen bat idazteko, ohar galduren bat, eta haietako bat igorri zion Juliari Hendaiako postetxetik.
Unamunoren zerbait izaten zuen belaunetan, mokoka ari litzatekeen oilo batek bezala tarteka irakurtzen zuena —”Gusto de las lecturas de azar, del azar de las lecturas, a las que caen, como gusto de tomar todas las tardes, después de comer, el café aquí, en el Grand Café de Hendaya”—, hark Hendaiako exilioan idatziriko geografia sentimentala batez ere —”Jaizquibel Cabo Higuer Fuenterrabía/mi humilde Bidasoa Irún / Golfo de nuestro amor Vizcaya mía / San Miguel en Larrún / Hendaya Hen­daya—, edertasun hari errenditua baitzitzaion, Julia gomutan beti, bere barne-exilioaren ibai, ibar, itsaso eta hondartza zabalen izena.

160. pasartea

Haietako egun batean, beraz, tarteka Hondarribiko gain laino artean gordeari so eginez, begiak San Ramón Nonato Suicida-ren pasarte batean pausatzea —”Porque las que en la primavera próxima, la que no veré, vuelvan con los pájaros nuevos a los árboles, serán otras”—, menturaren kapritxoa izan zen, noski. Berari, ordea, indar misteriotsu baten eragina iruditu zitzaion, hari magiko batek lotzen zituela Juliak, haurtzaroan, magnoliaren ondoan, aitonarengandik jasotako heriotzari buruzko gogoeta eta Unamunok, nork jakin, artean Bidasoa ertzean zutik zirauen arbolaren bati so izandakoa, eta bera zen, terraza abandonatu baten bakardadean, lotura miresgarri haren haria.
Luma eskuratuz, behin eta berriz ahalegindu zen sentimendu hura azaltzen, eta minutu gutxiren buruan, paper zimurtuz estalia zuen marmolezko mahai zuria. Esan bezala, garai hartan ohi zuenez, hiztegiaren fitxen atzealdean idatzi zuen, hainbesteko nekez eginiko lana alferrik galduz bere burua deuseztatu nahi bailuen.
Ezin izan zuen gustukorik taxutu, ordea, eta azkenean, jakina denez, “heriotza niretzat zure irribarre eztia imajinatu ezina izango da” idatzi zuen, beti bezala, egiazko sentimenduak gehiegikeriaren duda-mudetan ezkutatuz. Et voilà esan ohi zuen gero, hitzen baikortasuna ezkutatzeko.
Fitxa “laster” hitzari zegokion —”laster. A. noiz adlag. (*1562, 1580).1. Denbora laburrean, denbora gutxiren buruan. Ik. agudo”—, eta arratsalde hartan bertan Hendaiako postetxetik igorri zuen.

161. pasartea

Umetan handiago iruditzen zitzaiola esan zuen Juliak, bere hosto berde-okre dizdizariez harro zirudien magnolia grandiflorari begira. Handiagotzat zeukan. Oroimenaren humusean arbola guztiak erraldoiak baitira. Hori erantzun zion Iñaki Abaituak, eta enborra besarkatu zuen. Hamar zentimetroko tartea geratzen zen bi eskuetako hatz punten artean. “Ikusten? Infinitua hori da”.
—Infinitua hori da —eta itzultzerakoan bularra goroldioaren berdeaz zikinduta agertu zuen. Ez zion Juliari garbitzen utzi. Iparra erakusten omen zuen enborren goroldioak, eta besoak zabaldu zituen bera ere arbola bat bailitzan. “Eskautetan ikasia”.
Eta hil zen egunean ere gauza bera egin zuen, magnoliaren enborra besarkatu zuen, alegia, kanpandorreko erlojuak metal ilunez zazpiak eman zituenean.
Ez da hori bakarrik. Daniel Zabalegik, fusilatuko duten eremuko muga osatzen duten zuhaitz xumeen enborretan, iparraizearen arrasto hezea du gidari, herriko norabidearen bila. Eta harantz nahian aurkitzen duen magnolia dotorea izango du azken begiradaren sostengu.
Begi-bistakoa da begirada horrekin Juliari gorazarre egiteko desira, ez baita magnolia grandiflora bat ondoen egokitzen zaiona pasarte berean eremu hitzaz definitzen duen parajeari. Gainerakoan, fusilamenduaren kontakizuna aski ongi lot lekioke gertatutakoari.
Orokorki eszena neutroa da, grisa, osagai dramatikorik gabea. Sinesgarria nahi luke izan eta, horretarako, literaturak eta zinemak banalizaturiko zeinu liturgiko ororen erabilera saihesten da. 

162. pasartea

Ez dago, beraz, inongo apaindura edo efekturik, eta heroikotzat hartzekoa litzatekeen adierazle bakarraz, eskaintzen dioten benda errefusatzeaz alegia, hori hainbat filmetan ikusiriko zeinua imitatuz egiten duela esaten zaigu; nolabait ere, otzantasunez, adorez baino gehiago, ustezko araudia betetzera beharturik sentituko bailitzan. Ez dago biba edo gorarik, hiltzaileen orro izugarria baino ez, eta belabeltzen karraka zerua urratzen, guztia amaitzen denean.
“Kondenatua pasiboki joan ohi da heriotzara bidean” dio Camusek, “inoiz baloretzat hartu izan den halako jarrera isil batean”. “Izuaren isila bakarrik, beldurraren sorgortasuna besterik ez”. Mesfidati da zeinu heroikoez, eta susmoa du, zenbat eta zintzoago den kondenatua, hainbat eta handiago datekeela haren larderia.
Irakurleak errezelo hori izan dezan nahi du Iñaki Abaituak, eta horregatik hurbiltzen gaitu izuak hartutako Daniel Zabalegi batengana, heriotzaren aldez aurreko ikuskizunak eraginiko kimika hotza hauteman dezagun.
Camusek berak dio, edo Sartrek beharbada, intelektualak urkamendian imajinazio handiagoa dutelako direla ustelagoak, ez adore faltaz. Paroles sans suite. Ez dago Nabokoven pertsonaia izan beharrik, Anton Petrovitx izenekoa, demagun, opalozko botoiak lotzerakoan —patuaren harria omen opaloa— aldez aurretik ator zuria odolez gorrituko dela imajinatu ahal izateko. Horrexek bereizten gaitu tximuengandik, esango luke J.J. Lasak, ahaltasun horrexek, eta ez irribarreak.
Etsipenak erabakitzen du portaera, eta hura bai, kulturaren eragina da, hitzaren zentzurik antropologikoenean. Daniel Zabalegik badaki bere patua onartzen. Esango genuke ez duela besterik ikasi bizitza osoan. “Ez dago bueltarik”.

163. pasartea

Amak esan ohi zuen. Umetandik daki gizonezkoek ez dutela negarrik egin behar, alferrik delako besterik ez bada ere. Aingira baten azala bezain hotza eta hezea du bekokia zerurantz altxatzerakoan. “Nireak egin du”. Esaera horretan laburbiltzen da, heriotzaren atarian, erretorikarik gabe, haren onarpen etsi eta duina. “Nireak egin du” esaten entzun zion Ismaeli, eta “nireak egin du” esan zuen amonak ere, gaixotutakoan oheratu zirenean, izara berberen artean biak, amak laster, bezti zezaten, kartzelako atarian utziko zituen hariz bordatutako izaretan; eta berari ere heldua zitzaion “nireak egin du” esateko garaia. Ez zegoen bueltarik.
Amak mina ematen zioten oinetako haiekin kalera bidaltzen zuenean bezala, berak, mina hartzekotan, abarketak nahiago izaten zituen arren.
Horretaz gogoratuta eskatu zuen eskuila eta betuna ekar ziezazkioten, zapata beltz muturluzeak garbitzeko. Eskakizun harrigarria dirudien arren, Iñaki Abaituak kapilauaren ahotik jaso zuen gertakizun bakanetarikoa. “Ezkontza baterako prestatzen ari bailitzan” izan ziren kapilauak esan zizkion hitzak, eta funtzionario galiziarra haiek garbitzeko eskaini omen zitzaion. Galiziarra ez zen gizon txarra.
Edozein modutan, oinetako haiek ez zuten lustre beharrik, erabili gabe baitzeuzkan, dendatik irten berriak irudi, txarolezkoen antzera dizdizka.
Gustuko lana zuen, ordea, zapatak lustratzea. Huraxe zen, Ismaelengandik ikasita, egiten zekien etxeko lan bakarra. Ismaelek, berriz, soldaduskan ikasi omen zuen, bota luzeak beste inork baino distiratsuago erabili nahi izaten zituen kapitain baten asistente zerbitzatu zuelako, berak esaten zuenez. 

164. pasartea

Eta umore oneko zegoenean etxeko denak garbitzen zituen. “Ekar itzazu oinetakoak, Maria, garbituko dizkizut eta” esan ohi zuen igande goiz batzuetan, eta sukaldeko leiho ondoan aritzen zen, arabiar kutsu urrunez ukituriko melodia monokorde bat, beti bera, kanta-marmarrean. Sekula ez zuen beste eginkizun batean ikusi.
Umore oneko zegoenean “lapikoko tapa” esaten zion Mariari. “Nire lapikoko tapa”. Hori dakarkiote gogora zapatek. Bere azken zapata haiek dotoreak ziren, arinak, luzeak, larru leunez jositakoak. “Dendan zeuden hoberenak” esan zion amak lokutorioan ekarri zizkion egunean, eta harro zirudien. Hain zuzen ere harro eta pozik zirudielako igarri zion Zapateroneko karlistak doan emanak zirela —infernuan ere lagunak behar direla pentsatuz, ziur asko— eta normalean era hartako oroigarri eta faboreak, herrian aintzakotzat zutela erakusten zuten neurrian atsegin bazituen ere, orduan ez zitzaion gustuko gertatu. Horregatik, amak, “dendan zeuden hoberenak” edo “garestienak” esan zionean, bera ezin izan zen isildu, eta hain onak erosterik ez zuela merezi erantzun zion petral samar. “Izan ere, erabili ahal izango ditudanagatik” esan zuen, samintzeko asmo gaizto nabarmenez.
Bere zakarkeriaz damu da, dudarik gabe, bi oinetakoak magalean hartzen dituenean. Zola erabili gabea jela bezain labaina dute, eta larru berriaren usainak badu tabako gorriaren urrin-ukitua. Ez zuen argitasun handirik behar oinetako haiek jantzita hilko zutela imajinatzeko. Ez da aurresentipena, ziurtasuna baizik, gertakizun bat ia, bere oin izoztuak larru horretan, horretan hain zuzen, paralizatu eta ustelduko direla, hil ondoren eranzten ez badizkiote behintzat. 

165. pasartea

Eta ideia hori harrigarria gertatzen zaio, gauza arruntenak miresgarriak iruditzen baitzaizkigu, begi eta zentzu berriz jantziak —lehen aldiz ikusitakoan bezala— ulermenaren bidez gerturatzen gatzaizkienean; hodeiak ur ttanttaz osaturik daudela, adibidez, edo urdinetik eta horitik sortzen dela kolore berdea.
Lurrean bi oin biluzien artean utzi zituen. Begi-bistakoa zen orkoi luze zorrotz hura ez zela bere oin lodi eta batez ere zabalentzat aproposena. Behatzak mugitu zituen, oinazerik ezaren plazerra dastatuz, janztea gerorako utziz. Denbora zuen. Hori erantzuten zion galiziarrari, denbora zuela —gaua luzea zela ere bai—, hark aitortzeko gomendioa egiten zion bakoitzean. Askotan, kapilauaren bidez jakin zuenez: “Un funcionario, un buen hombre, le recomendaba insistentemente el consuelo espiritual de la confesión”. Gizonak, bere zentzu on eta pragmatikoaren ikuspegitik, ezin ulertu omen zuen zergatik ez zituen, badaezpada, Jainkoarekikoak kitatzen: infernurik ez bazegoen, alferrikako lana gehienez, eta, nolanahi ere, hainbesterainoko eginkizuna ere ez zen aitortzea.
Bakarrik geratu denean —militar manta marroi batean bildua, bizkarra horma hezearen kontra, bi zapata beltz distiratsuak oin hutsen artean, lau oin bailituen— burua pentsamendu gaiztoetatik ihesi, eginkizun ezdeusetan saiatu da: lurreko baldosen kontaketan, edo kartzelari galiziarrak korridorean agertzen denetik desagertzen den arte zenbat pauso emango dituen asmatzen. Begiak itxi bezain pronto, ordea, irudi desatseginak datozkio gogora, hala nola ibai ertzean abandonaturik azaldu ohi ziren oinetako ahozabalak, iltzetxoen hortzak agerian, eta haiekin batera Urolan, bi hatzez baliatuz, lodiarekin pintza eginez harrapatzen zituen aingirak. 

166. pasartea

Zumarragan fabrikarik ez zegoenean izan ohi zen hori, eta etxean, burua ebaki ondoren ere, ahoa oso poliki ixten eta irekitzen jarraitzen zuten, airea hartu nahian, eta agonia luzearen sufrimenduaz mintzo nahi zutela zirudien.
Agoniaz mintzo ziren, noski, aingira eta zapata ahozabalak. Edo agoniaren angustiaz, zehatzago esan. Lasagabasterrek aipatu du hori, protagonistak heriotzaren aurrean pairatzen dituen aldakuntza psikologikoak taxutu nahia, alegia, horretarako —bere iritzia da—, Kübler-Ross-en eredu psikologikoaz —ukazioa, esperantza, errebeldia, depresioa eta onarpena— baliatzen delarik.
“Oparotasun bereziz luzatzen da azken maila horretan” idatzi du kritikariak, “zeinetan, heriotzaren hurbiltasunak haren ezinbestekotasuna onartzera garamatzanean, beldur abstraktua gainditu eta zehaztu egiten den”. Hil bai, baina nola, litzateke maila horretan galdera. Agoniaren beldurra bilakatzen da, beraz, problema. Agoniaren beldurra lehenbizi, eta gorpuarekiko ardura gero. Ardura horrexek eramaten ditu zahar asko elikadura murrizteraino, hilobi duina lortzeko gogoz. Gaztetan, heriotza urrun sumatzen denean —hautematen ez denean, esan beharko litzateke—, erabat ulergaitz gertatzen dira portaera eta ardura horiek.
“Heriotzara joateko aukeratu dituen zapatak lurrean, bi oin biluzien artean, lau hanka bailituen”. Ezjakinenak badaki zapatak objektu fetitxeak direla, eduki sexualez beteak, eta hor datza beren erabilera dramatikoa. Erosek eta Tanatosek, biek dituzte zapatak.
Esaterako, takoi-orratz luzeko zapata gorrien aipamen hutsa aski da egoera arruntena erotiko bihurtzeko. Demagun bikote bat afaritan. Emakumeak, zapata gorri takoi-orratz luzekoak daramatzala onartuz gero, erabat sinesgarria egiten zaigu hanka luzatu eta gizonaren berna igurzten duela, arrainarentzako tresnak trebeziaz maneiatzen dituen bitartean. 

167. pasartea

Bestalde, gorpuak zapatei zor dizkie, ongi lustraturik daudenean —kandelargien islapean, hobe—, beilan izan ohi duen solemnitate berezkoaren hiru laurdenak, eta horregatik dirudite handiago abagune horietan, beren betekizunaz jabetuak direlako. Eta ez da zapata bat galdutako gorpuarena baino irudi babesgabeagorik. Lokatzetan galdutako zapata batek sinbolizatzen du zehatzen heriotza bortitza, bortizkeriaren miseria, miseriaren hondamena.
89 aldiz agertzen dira zapatak Hamaika Pauso-n, aipatuko ez den filologoaren esanetan. Mila hitzetik bat, eta zerbait esan nahi omen du horrek.
Heriotzarako aukeratu dituen zapatak lurrean, bi oin hutsen artean, lau hanka bailiran, beraz. “Eguraldi grisa dator” esan du galiziarrak, eta Daniel Zabalegik, oin puntak altxatuz, behatzak mugitu ditu gora eta behera, azken atsedenuneaz profitatuz. “Ona amuarrainetarako” erantzun du. Gero, jantzi egin ditu zapata berriak. Damu du amarekin gogorregia izana. “Izan ere, ibiliko ditudanagatik...” esan baitzion. Korapilo onak egiten saiatzen da. Tinkoak, aska ez daitezen, eta era berean, guztia bukatu eta gero kendu behar balizkiote, erraz deskorapilatzeko modukoak. Ez da ausartu gauzak nola izango diren galdetzen, eta zer egingo duten gorpuarekin, baina, nolanahi ere, ez luke nahi, biluztu behar balute, indarrean trata lezaten.
Bezperatik jakin zuen ez zutela garrotez hilko, fusilatu egingo zutela. Galiziarrak zioenez, hein batean suertea izan zuen, duinago baitzen armaz hiltzea. Eta hala uste al zuen erantzun zion berak.

168. pasartea

Oinetakoen korapiloa ongi egiteko, lehenbizi gainetik jarri den soka muturra, azpian utzi behar da bigarren bueltan. Getarian ontziratuta ibili zenean, lanak izan zituen korapiloak egiten ikasteko. Berez, ez zuen lortu ballestrinke sinple bat ere automatikoki egiten, pausoak mentalki eman gabe, alegia. Itsasoan gaizki eginiko korapiloei “baserritar korapiloak” esaten zieten, eta lehorrekoa izanik, makina bat irain eta adar-jotze sufritu behar izan zuen bizpahiru erabilienak egiten ikasi arte. Horregatik, gutxik bezala estimatzen zekien ongi eginiko korapilo baten edertasuna.
Korapilo sinple baina tinkoaz lotu ditu, beraz, baina bide batez, mutur batetik tiratuz, erraz askatzeko modukoak. Gero, hatzak gurutzatuz, fereka denboran urrun baten ausentzia sentituko balu bezala, azken fin ezinbestekoaren esperoan geratu da, eta egunsenti gris hezearen iragarpenaz etsimendu zahar baten oroitzapena nagusitzen zaio bizinahiaren sen ahituari. Amaren komodan ispiluari erantsiriko argazki batek gordetzen zuen sentimendu horren gogoa. Ismael etxean sartu zen egunari dagokio, eta Igeldon tiobiboetako zalditxo gainean ageri da Daniel Zabalegi, komunio txikiko marinel-traje zuriz jantzia. “Buelta bat baino gehiago ez”, esan zion amak, eta muga horren desplazerrak iluntzen zion zaldi gainean egotearen poza. Baina hala eta guztiz ere, irribarrea alaia da amaren aginduz argazkilari txerpolariari begiratzen dionean.
Egun berezia izan zen hura, baina ez zuen amaiera onik izan. Ismaelek ardo gehiegi edan zuen jatorduan, eta gero, Amarako geltokian, trenaren zain zeudela, bizpahiru bider desagertu zen gutxienez kantinarako bidean, eta gauza bera egin zuen Zumaian Urolakoarekin aldaketa egin bitartean. 

169. pasartea

Eta gerora jakingo zuenez, Ismael ez zen edale ona. Alkohol gutxi behar izaten zuen txaldantzeko eta, gehienetan, txapela kokotean jarrita toreroarena egiten amaitu ohi zuen pare bat kopa edan orduko. Hori ez zen okerrena, azken batean, barregarria gerta zitekeen aurrean jartzen zitzaion edozein pertsona, animalia, edo gauzari paseak ematen ikustea, baina ama bere onetik ateratzen zuen, hain zuzen ere jendea barre-algaran jartzen zuelako, eta gero Danieli tokatzen zitzaion haren haserrearen ordainak jasotzea.
Egun hartan Ismael, geltoki ondoko zubian zeudenei kokotsa erronkari altxatuz, txikuelinaren berri jakin nahi zuenak torero puska hari begiratzeko esaten hasi zenean, bera, badaezpada, etxera aurreratu zitzaien, eliza atzeko bidezidorra hartuz. Hala ere, bazekien ez zela amak azkenean nola edo hala emango zion zafladaz libratuko, eta atarian itxaron zien, lehenbailehen bukatzeko gogoz. Orduko arrazoia oinetakoak izan ziren, konturatu gabe lokatzetan sartu eta ez baitzuten jatorrizko zuritasunaren aztarrenik. “Nola jarri dituan zapatarik hoberenak” esan zion amak ezkerreko eskua altxatzerakoan, eskuinekoaz Ismaelen gorputz balantzatiari besapetik eusten baitzion.
Ez zuen arrazoirik. Ez ziren zapatarik hoberenak, zituen bakarrak baizik, eta luzaroan iraungo zioten. Txiki geratu eta askoz geroago ere haiekin ibili beharko zuen, eta azkenerako behatzak kizkurturik ibili behar izaten zuen igandeetan, amak ez baitzion kalean abarketak erabiltzen uzten. Bi bidaia izaten ziren, bi guruzbide luze, goizean mezetarako eta funtziorako arratsaldean, baina ez zen mina, handia izanagatik ere, gehien jipoitzen zuena, jendaurrean hanka-zabal, disimulaezina zitzaion era xelebrean, ibili beharra baizik. 

170. pasartea

Ez zuen kexatzerik halaz guztiz ere, muturrean mina ematen bazioten, zulo bat egingo ziela esaten baitzion amak, sandalia gisa jarri eta behatz lodia behintzat atera ahal zezan. Horregatik, funtzioan argiak noiz itzaliko zain egoten zen torturagailu haiek erantzi eta aulki azpian gordetzeko.
Bizitza osoan gorde zuen ataka larri haren oroitzapena, pantailan Fin edo The End exotikoa azaldu eta salako argiak pizten ziren bitarteko une larria, hankak luzatuz aulki azpitik oinetakoak berreskuratzen ahalegintzen zenean. Gero, sentimendu triste batek menderatzen zuen, filmarekin batera igandea ere amaitzear zegoela jakiteak eragiten zionak, eta aldez aurretik usna zezakeen, sukaldeko zoru gastatuari zerion lixiba usaina, bekokian txapa gaineko lapikoak eragingo zuen lurrinaren berotasuna, eta bizkarrean horma kare urdinduz margotuaren hotz hezea senti zitzakeen bezala. Eta pantaila hutsari so, euli kakaz zikinduriko bonbilari zerion argi makal horizta zetorkion gogora, amaren aieneen errosario etengabearen marmarra edo Urtsulako zelaitik etengabea izan ohi zen kilker hots metalezkoa.
Imajinak dira, bere borondatetik at, hostoak haizearen hegoetan bezala datozkionak. Edo hobe, liburu baten orriek hatz lodiaz libre utzitakoan erakusten dituzten irudiak bezalakoak. Bere bizitzaren liburuan argitasun harrigarriz ikusten ditu estanpa ustez ahaztuak, istant bakar batez bada ere; istant bat baino gutxiago, baina erabateko gardentasunez.
Ez da heriotzaren hurbilak ernaltzen dion ahalmen bakarra. Piztia inguratu bati legokiokeen entzumen zorrotza du, hutsean biderkatzen diren kartzelako hotsen oihartzun urrunena jasotzeko. 

171. pasartea

Badaki, beraz, atean azaldu baino lehen, bila datozkiola, eta zutik aurki dezaten nahi du. Bi eskuak belaunburuetan bermatzen ditu, gorputza aurreratuz, altxatzeko beharko duen indarra aldez aurretik gerrian biltzeko ahaleginean.  “Aldez aurretik mugimendu oro entseiatu behar duk, egiteko gauza izango haizela ziurtatzeko. Hitaz aparte inork ez zekik mugimendu bakoitza, sinpleena ere, ikasi berria duala, prozesu luze eta nekoso baten ondorio dela”. Zer esango dioten asmatu nahi du. “Ordua da”, agian, edo “iritsi da ordua”. Ez diote altxatzeko esango, zutik aurkituko baitute. Eta zutitu egin da, eragozpen handirik gabe, belaunetako hozmindura besterik ez, hezetasunaren eraginez betidanik izan duena. Zutitu bezain laster, ordea, duda du oinetako haiekin bi urrats emateko gauza izango ote den, hain dauzka estu. Baina berriro eseri eta korapiloak, eskuinekoa behintzat, apur bat lasaitzea bururatzen zaion arren, ez du halakorik egiten; batetik, eseriz gero bere kabuz ostera altxatzeko indarraz fida ez delako, baina batez ere ez lukeelako nahi zapatek mina ematen diotenik nabari dezaten, aurreiritzi zahar baten aginduz, oinetako mina miseriarekin lotzen duelako, eta ez du miserable agertu nahi.
“Iritsi da ordua” esan diote. Antsiaz, aurpegi ezagun baten bila, lehenbizi gaingiroki, gero ausentzia ezin sinetsiko bailuen, banan-banan, behin eta berriro aztertzen ditu galerian barrena agertu direnak, haien artean nahi lukeena aurkitu ezinik. 

172. pasartea

Ez du atzematen sakrifizioan partaide izatea onartuko lukeen begiradarik, adorea eta kuraia kutsatzeko airean altxatzen den ukabilik. Ez dakusa oroimenaren promesa, bere heriotza noblearen testigutza ziurta diezaiokeen herritarrik.
Zutoinean dagoenean da hori. Ezkerretik eskuinera lerrokatu direnen gainetik begiratuz —negarrari eusten lagunduko liokeen presentzia aurkitu nahian— arku zabal bat egin duenean. Magnolia grandifloraren hostoak ikusten ditu udaberriaren promesa ezinezkoa gogoan, eta herdoilak haren enborrean utzitako arrastotik iparra bilatzen duenean, berriro ere garai bateko lagunen aurpegiak datozkio oroimenaren orrietara: Errezil, Betroitzakoa eta besteak. Hainbat aldiz imajinatu ditu herriko plazan harrera egiteko bilduak, Amiletxe eta besteei ongi etorria emateko bildu zirenean bezala.
Segundo batzuetako bitartean alderatu ditu begiak magnolia adarretik, amildegian esku bat askatu duenak bezala, euskarri hobe baten bila. Aurpegi etsaiak baino ez ditu ikusten, ordea, bere beldurra islatzen diotenak, nolabait ezkutatu nahi balute ere.
Bizkarrean jotzen diote elkarri, adiskide giro. Zigarroak banatzen dituzte, edo eskuak igurtziz lurra indarrez zapaltzen, hotza uxatzeko, eta ehiztariak dirudite, oskarbi iraungo ote duen atzeman nahian bezala zerua aztertzen dutenean.
Gehienek trikornioa jarria badute ere, begi-bistakoa da ez dela egunero erabiltzen duten jantzia, txikiegi gelditzen zaizkiela baitirudi; ziur asko, informazio gorputzekoak izanik, goardia zibil arruntentzat arauz kanpokoak liratekeen adats luzeak dituztelako. Eta gerrera irekien azpitik paisano-jantziak ageri dituzte, gorputz berezietakoak izateaz eta nahi bezala janzteko duten askatasunaz harro. Abagune hartarako, ordea, goardia zibilaren ezaugarriak jantzi nahi izan zituzten.

173. pasartea

Goardia zibilez nahi izan zuten. Beharbada haietakoren bat ibilia zen goardia zibilez jantzita A-ko tabernak itxiarazten, Losada kaboa hil zutelako mendeku eske. Inor gu­txik imajina zezakeen orduan, Solanatarrez aparte, Daniel Zabalegik hilketa harekin zerikusirik izan zezakeenik, Errezilek eta Betroitzakoak, txantxetan, jefea bera ez ote zen esan bazioten ere.
Iñaki Abaituak, ordea, pantailan bigarren filmaren kredituak azaltzerako, ez zuen dudarik. Ziur zegoen masaila moredun gizona, zeinen izenik ez baitzekien artean, Ortiz de Zaraterekin nahastuta zegoela ekintza hartan, eta auskalo beste zenbatetan. Ziurtasun hori zuen, lehenbiziko planoari itxaron gabe kalera irten zenean.
Hiria distiratsu ageri zen euri zaparrada jausi berriaren ondoren, eta jendetza ugaria zihoan Diagonaletik barrena, aterpeetatik aterata, beste jasa baten beldur, presaka eta noraezean, inurriei inurritegia desegiten zaienean bezala. Barkamen eskaera ongi ikasiz lagundutako bultzada eta ukalondoen indarrez, espaloi ertzean libre geratzen zen pasabidea bereganaturik, handik jarraitu zuen, kalean behera, autoen zipriztinez arduratu gabe. Milà etxeak ere ez zuen haren arretarik jaso, eta Paseig de Gràcian behera egin zuen berriz, Mallorca kalean taxi bat hartu arte, inora joateko baino gehiago, berriro esertzearren. Norabidea bigarren aldiz galdetu eta eserlekuan jiratu zen taxistari Coll del Portellera eramateko eskatu zionean, berriz ere Ortiz de Zarate ezagututako tokian haren aztarna aurkitzeko asmoz zebilela onartu behar izan zuen.  

174. pasartea

Leihatila irekitik begira egin zuen bidaia, erdigunetik aldirietara igo ahala nabari zituen kolore, soinu eta usain aldaketak zehaztu nahian. Lur usain betea espezien urrina iruditzen zitzaionaren ukitu batekin nahastuta sentitzean geldiarazi zuen taxista, besteak beste, haren esakizunek, bide asfaltatu gabeari eta autoaren suspentsioa hondatzeko arriskuari buruz, asperturik zeukatelako. Beheko argi dirdaitsuen islak —argitasun eztanda baten ondorio zirudien— areagotu egiten zuen goiko iluntasuna, kolore okreek beren presentzia beroa inposatzea lortzen bazuten ere. Urruti zeuden itsaso grisean amiltzen ziren harlasta beltzak.
Kale osoa miatu zuen goitik behera, Ortiz de Zarate eta biak egon ziren taberna atzeman nahian. Ordu hartan kolmadoak irekita zeuden, eta azpitik salmueraren ukitua zuen usaina, sardinzaharrei eta bakailao zintzilikatuei zeriena, fruta helduarenarekin nahasian bateratzen zitzaion lur bustiari zerionari. Bizpahiru ziren hark bezala kaleko atea plastikozko zinta koloreetakoekin estalia zutenak, baina ez zuen bilatzen zuena aurkitu. Ortiz de Zaratek Frantziara pasa zezaten itxaroten zegoela aitortu zionekoa.
Bi minutuz behin galdetzen zion ordua eta, haren egoera aintzakotzat hartuta, urrezko omega zaharra eskaintzera beharturik sentitu zen. Orduan ez zekien Ortiz de Zarate zenik ere, Nabarte edo Zabarte izena eman baitzion, Belarte agian, eta orain ere, haren aztarnen bila zebilelarik, artean ez zekien. Ez zuen askoz geroago arte jakingo. 

175. pasartea

San Paueko erizainen etxera bakarrik joateko adina ausardia ba ote zuen galdetu zion bere buruari. Bebarrua haurtzaindegi baten iragarkia zuelako ezagutu zuen. El tío bibo, pailazoen figura zuten koloreetako letrez idatzia. Gogoan zuen nola Ion eta biak elkarrekin izan ziren lehen aldian, hark, bibo-ren idazkerari erreparatzean, kontatu zion eskola denboran, gazteleraren b eta v letrak ezin bereizi zituenez —euskaraz v-rik ez, eta bera euskalduna izan—, dena b-z idazteko eskubidea aldarrikatzen zuela. Hartara, aitortu zion, zentzu politikoz jantzi zuen ezintasun ortografikoa.
Bigarren solairurako bidean, artean ez zekien zer argudio erabiliko zuen bere presentzia justifikatzeko, eta ohiko erabakiezina bentzutuz azkenik tinbrea jo zuenean ere ez. Beraz, itxura atsegineko ilegorri batek atea ireki zionean, isilik iraun zuen une luze batez, haren edertasunaz miretsita bezala. Emakumeak irribarre atseginez begiratzen zion, bere eraginaz jabetuta noski, eta azkenean “Ion hemen al dago?” galdetzea lortu zuen; ez argiegi, ordea, edo presatuegi beharbada, besteak, irribarrea ezabatuz, bekokian galdera seinale ezin argiagoa erakutsi baitzion.
Preguntaba por Ion —argitu zuen pauso bat atzera emanez, barkazio formularen bat bota eta alde egiteko prest, baina emakumeak, ukalondotik helduz, barnealdera erakarri zuen. Bizpahiru ahots entzuten ziren batera, eztabaidan ari bailiran.
Preguntan por Ion —egin zien oihu.
—Nork?

176. pasartea

Pontxodunaren ahotsa iruditu zitzaion. Bildurik zeuden dozenaren bat pertsona ingururen artean, pontxoduna besterik ez zuen ezagutzen. “Sin falta etorriko dela esan dit eguerdian” jakinarazi zion. Gizonezko bakarra zen. Ile kizkur beltz, nahasi eta ugaria hazten zitzaion kasko erdiko soilune biribilaren inguruan. Rosa ere azalduko zela erantsi zuen.
Etxeko jabeaz ari zitzaiola erabaki zuen, aurrez eginiko bisitetan ezaguturiko erizainetakoren batez. Unetxo bat itxarongo ziola, presaka zebilela eta. Besteek, beraren presentziaz ahaztuta, etendako solasari ekin zioten.
Orduan ingurunea patxadaz aztertzeko aukera izan zuen, lehenbiziko inpresioa egiaztatzeko. Ilegorria zen edadetuena, berrogei inguru, eta gainerakoek ez zuten interes handirik, burua astinduz adats luzea behin eta berriz haizatzen zuen neska garai bat izan ezik. Alkandora eta galtza tejanoak zeramatzan, eta bota luze kanperoak tatxet ugariz hornituta. Haren presentziak esperantza izpi batez argitu zuen, baina ez luzaroan, bere so egite tematiari erreparatzean, beso bat pontxo berdedunaren gerrira luzatu, eta burua besagainean kokatu baitzion maitekiro.
Emakume heldua gizon latinoaren sexualitatea erabat berekoia dela esaten ari zen, berak, etsita, bista adats luzedunagandik aldendu zuenean. “Gizon latinoak oherik ere ez du konpartitzen”. Eta oso adibide adierazgarria jarriko zuela ziurtatu zien. “Hemengo gizonak, hazia isur­tzen duenean, badoala esaten du, —”me voy” esan zuen—, eta ingelesez mintzo direnek, berriz, I’m coming, banator. Hori entrega da, konturatzen al zarete?”, eta besoak zabaldu zituen, begi-bistakoa zela azpimarratzeko.

177. pasartea

Denak batera hasi ziren. Gehienak ez zeuden ados. Zer gertatzen zen latino batek ingelesez hitz egiten bazuen? Hizkuntza batean edo bestean hiztun izateak aldatu egiten al zuen gizonaren portaera sexuala? Bat-batean, guztien aurpegiak berarengana bueltatu ziren. Zer esaten zuten euskaldunek hazia isurtzerakoan?
Gorbataren korapiloa askatu zuen tregoa bila. Barne-muinak arakatzen zizkiotela sentitu zuen, zer erantzun ez zekiela. “Besteek ez dakit” esateko puntuan egon zen, baina azkenean, “guk xagutxo apainak bezala” bota zuen. Eta irrigarria iruditu zitzaien.
“Guk xagutxo apainak bezala” esan zuenean barrez hasi ziren, eta barrez zeuden Ion eta besteak sartu zirenean. Berehala eten zien Anek: ez zeudela txantxetarako. Goardia zibiletako kabo baten hilketaren ondoren egundoko atxiloketak egiten ari zirela. Urola bailaran, batez ere. “A-ko gazteriaren erdia”, esan zuen.
Iñaki Abaituak aski izan zuen aipamen hura zorabiatzeko puntuan sentitzeko. A-ko gazteria erdiaren artean masaila moreduna ez egotea miraria litzatekeela iruditzen zitzaion. Alde egitea erabaki zuen, A-ko gazteriaz deus entzungo ez zuen lekuren batera. Albokoari esan zion, proba gisa, gainerakoei jakinarazi baino lehen. Besoa luzatu zuen lehenbizi ordua ikusteko, imintzio nabarmenez, albokoari “berandu nabil” esan baino lehen. Hark ez zion jaramonik egin, ordea: esku bat besagainean jarri, lasai egoteko eskatuz bezala, eta “pagan justos por pecadores” erantzun zion. 

178. pasartea

Pontxoduna ekintza armatuen aitzakiarekin herri mugimenduaren antolaketa osoa suntsitzen zutela adierazten ari zitzaien. Hitz horiekin gutxi gorabehera, “herri mugimenduaren antolaketa osoa”, eta Iñaki Abaituaren ondoan zegoenak, esku bat besagainean jartzen ziola, “pagan justos por pecadores” esan zion. Errietan hasteko seinalea izan zen hura, eta Iñaki Abaituak berriro alde egiteko ordua zuela jakinarazi nahi izan zienean, ez zioten jaramonik egin.
Zutitu egin zen, ordea, eta zutitu zenean isildu egin ziren, gelaren erdian tente, zer esan ez zekiela geratu zelako, edo norbaitek “beraiek ordaintzen dute garestien” esan zuelako.
“Beraiek ordaintzen dute garestien” errepikatu zuen Ionek, baita beste norbaitek ere, “bai, beraiek ordaintzen dute”, baina tregoa ez zen luzea izan. Konturatu ere ez ziren egin kaleko atera inguratu zenean. Eskaileretan zegoen jada, atzetik Arantxa nora zihoan jakin nahian entzun zuenean. “Nora hoa orain?” galdezka ari zitzaion, eta “orain” haren zergatikoaz jakin nahiko zuelarik ere, “berehala nator” erantzun zion, egiantzeko azaltzen ahalegindu gabe, eskaileretan behera mailak launaka saltatuz.
Lehenbiziko kabinatik deitu zion Susanari. Ez zirudien oso pozik. Juxtu-juxtu harrapatzen zuela, maletak ixten jada, Salguèra alde egiteko. Diegok “pilak kargatu behar zituen”, eta ea banketxean eskaintzen zioten ardura onartuko zuen pentsatu. Bat-batean animatu egin zen. “Iñaki Abaituarekin ari naiz” esan zuen mikrotik aldenduz, eta gero berriz, “Diegok dio ea gurekin etorri nahi al duzun”.
—Tira, anima zaitez.
Zerua ireki zitzaion, eta baietz erantzun zion; ez, ordea, bizpahiru aldiz erregutarazi gabe.

179. pasartea

Salguèn hiztegiaren bigarren alea zuzentzeari ekin zion, oinarrizko materialik gabe ezer gutxi egin bazuen ere. Gideren orri batzuk euskaratu zituen, helburu zehatzik gabe, hitzek hiztegiaren testuinguru faboragarritik kanpo erakusten zuten portaera neurtzeko. Nola “korri­tzen” zuten ikusteko, esan ohi zuen berak.
Giderengana Le Journal-en bitartez jo zuen. Garai hartan, kontagintza teknikak garatzeko bide emankorrena egunkariak, biografiak eta memoriak lantzea izan zitekeelakoan, haren irakurketari ekina zen. Petite dame-ren koadernoak deituriko lanak interesatu zuen benetan, ordea —Notes pour l’histoire authentique d’André Gide—, Maria van Rysselberghek, garaiko giro artistikoan petite dame izenaz ezagunagoak, lehenbiziko gerra ostetik “Inmoralista”ren heriotza bitartean, haren ezkutuan, keinu txikienaren akta hartuz, osaturikoa.
Garai hartan xehetasun txikienen zehaztasuna zuen ikasgai. Hamaika Pauso-n gauza txiki-xeheak atxikitzeko ahalmena. Petite damek xehetasunak erabateko fideltasunez eta aberastasunez gordetzeko erakusten duen gaitasuna, askotan ustez funtsezkoena ahaztu arren, —adibidez: “ez dakit zertarako elkartu ginen Du Bois-enean, baina Gidek antzararen saltsa goraipatu zuen”—.
Salguèko egonaldia laburra izan zen, astebete eskas, eta ez zen kontatzerik merezi lukeen deus gertatu, ezpada bi egunen buruan Susanaren sinpletasuna gero eta nardagarriago gertatzen zitzaiola. Hain zuzen, haren sexu eskaintzaz nekatzen hasia zen ordurako. Hark, berriz, egoera hori probokatzen plazer bailuen —bazirudien gogoko zuela Iñaki Abaitua inguratuta eta urduri, ihes egin nahian ikustea—, areagotu egiten zituen erasoak.